Behibis konpainiaren ‘Bueltaka’, larunbatean, Topic aretoan

Ataria 2013ko urtarrilaren 17a

Larunbat honetan Behibis konpainiak Bueltaka lana aurkeztuko du, Tolosako Topic zentroan. Jolasen bitartez eta modu dibertigarri batean, deserrotzearen eta kontsumo basatiaren inguruko hausnarketa egingo dute taldeko kideek. «Ohean bezala bizitzan ere gira eta bira asko ematen ditugu eroso sentitzen garen lekua edota postua bilatu arte», esan dute egileek. Bueltaka 6 urtetik 13 urtera bitarteko haurrei gomendatutako ikuskizuna da, eta protagonistak nekazari familia bateko kideak dira. Bizi diren lurretan petrolioa aurkitzen dute eta ondorioz, joan beharrean daude. Jarraian, kostako herrixka batetara joaten dira bizitzera eta urperatutako petrolio-ontzi batek sortutako hondamendi ekologikoak lana kentzen die. Aurrerago hiriburu handi batetara joaten dira eta bertako kontsumoak eta zorrek ezer gabe uzten dituzte. Bizitzan egoera guztietatik ikasi behar dela esaten da ordea, eta gertaera honek bizi berri bat hasteko aukera emango die familiari. Lierni Fresnedok zuzendu du lana eta testua ere berak idatzi du Patricia Francorekin batera. Bere ustez «helduek izaten ditugun hausnarketetatik abiatzen da» ikuskizuna, «etxebizitza egonkor bat ez izateak esan nahi duena edota beste mota batetako galderak, gehiegizko kontsumoa esaterako eta honek besteengan duen eragina». Bueltaka haurrei eskainia dago eta horregatik bere alderik jostagarriena nabarmendu nahi dutela diote egileek, «panpin eta abestien bitartez, haurrek ikuskizunarekin ondo pasa dezaten eta aldi berean, haurrengan galderak sortuz».

Fitxa

Tokia. Topic zentroa, Euskal Herria plaza, Tolosa.

Eguna. Hilak 19, larunbata.

Ordua. 18:30ean.

Konpainia. Behibis.

Lana. Bueltaka.

Ikusleria. 6 eta 13 urte arteko haurrentzat.

Hizkuntza. Euskara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!