Urtarrilaren 28an beteko dira 25 urte Pello Odriozola tolosarra atxilotu zutenetik. 2008az geroztik kalean behar zuen tolosarrak, baina Parot Doktrina ezarri, eta beste hamar urtez luzatu zioten zigorra. Bai Herrirak bai eta Tolosako Lizardi elkarteak ere ezarritako zigorra duela lau urte eta erdi bete zuela adierazi dute, eta 30 urte oso-osorik bete behar izatea «bidegabekeria» dela salatu dute. Hala, Odriozola aska dezaten eskatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte urteurrenaren harira.
Lizardi elkarteak argazki jendetsua egin asmo du larunbat honetan, hilaren 19an, Tolosako Zerkausian, 12:30ean. Horretarako, tolosar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.
Lizarditik adierazi dutenez, «sinesten duenarengatik dena emateko prest egon den historia da berea». Pello Odriozolak idatzitako Gabonetako gutuna ere ekarri dute gogora: «Eskubide guztiak, denontzat, Euskal Herri osoan aldarrikatu zituen; Pellorentzat bakea da tresnarik boteretsuena konponbide iraunkorrak bilatzeko».
Manifestazioa, hilaren 28an
Bestalde, Herrirak Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri mugimenduak deituta, manifestazioa izango da hilaren 28an, 25 urte atxilotuta beteko dituen egunean. Tolosako Triangulotik abiatuko da, 19:30ean, eta herritar guztiak deitu dituzte ekimenarekin bat egitera.