Udalak San Estebango pabiloi bat hartu du, karroza eta konpartsak prestatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 16a, 11:25

Datorren otsailaren 1a bitarte, inauterietako lehiaketan izena emateko aukera izango da

300 parte hartzaile inguruk eman dute izena, aurtengo lehiaketan.

Tolosako Udalak, aurten ere, pabiloi bat alokatu du, inauterietako karroza eta konpartsen prestakuntzarako. Iaz Amarotz auzoan alokatu zuten eraikinaren gisa berean funtzionatzen ari da, eta San Esteban auzoan dago. Urtez urte inauterietan goruntz doan parte hartzearen isla da hau, izan ere, ferialekuak eta pabiloiak ezin izango diete aterpe eman, karroza eta konpartsa guzti-guztiei.

Aurten, «gutxi gorabehera iazko eskaera bertsua izan du udalak, karroza eta konpartsen lehiaketan parte hartzeko», Mikel Arreseigor zinegotziak azaldu duenez. Horrela, 300 konpartsa inguruk beren sormena dantzan jarriko dute 2013ko inauterietan.

San Esteban auzoko pabiloia hartuta inauterizale gehiagok lan egin ahal izango duten arren, «aurreko urteetan bezalaxe, ez dira guztiak sartuko; eskera guztiei erantzuteko Usabalgo industrigune osoa beharko genuke, ia-ia», dio Arreseigorrek.

Ferialekuaren eta pabiloiaren erabilera, beraz, izen ematearen arabera antolatu du Tolosako Udalak, aurten ere. Kanpoan geratu diren hainbat parte hartzailerentzat, berriz, Ferialekuaren kanpoan dagoen teilatutxoa egokituko dute, haren aterpean, behinik behin, lan egin ahal izateko: «Badakigu, hala ere, ez dela gauza bera ferialekuan aritzea, edo kanpoan aritzea».

Baldintza berriak 2013rako

Datorren otsailaren 7an hasiko dira inauteriak, 12:00etan, txupinazoarekin; hiru aste eskas besterik ez dira geratzen beraz. Karroza eta konpartsen lehiaketako izen ematea, hala ere, zabalik da oraindik: otsailaren 1a bitarte izena eman ahal izango da, bai kultur etxean, baita http://www.tolosakoudala.net webgunean ere.

Aurtengo lehiaketan, gainera, zenbait aldaketa egin ditu Tolosako Udalak, lehiaketa arautu eta zorrozte aldera. Besteak beste, karrozek eta konpartsen plataformek izan beharreko gutxieneko neurriak jarri dituzte. Modu honetara, karrozek, behinik behin, 2,5 metroko zabalera izan beharko dute, eta luzera, berriz, 7 metrokoa edo gehiagokoa izango da. Altuerari dagokionez, karrozak ezingo du metro bateko altuera baino gutxiago izan.

Konpartsei dagokienez, 2metrokoa izango da gutxieneko zabalera, eta 3 metrokoa, gutxieneko luzera.

Halaber, karroza eta konpartsek aurrez prestatutako emanaldi bat eskaini beharko dute, dieta edo diru laguntza  jaso ahal izateko.

Azkenik, eta udalak aurrerago zehaztuko duen moduan, parekidetasuna eta euskararen erabilera sustatzen duten karrozak eta konpartsek, zenbait hobari izango dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!