Pasa den abenduan Tolosako kultur etxean batzarra egin zuten.
Tolosa Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundearen borrokak azken urteetan osasun arloa pribatizatzeko ematen ari diren ahaleginaren kontra doa. Eskaera bera dute taldea sortu zutenetik: Tolosaldeak kudeaketa publikoko ospitalea izatea. Baina borroka zaila da, sistema berak hartutako norabidearen aurkakoa, eta aurrerapauso asko eman badituzte ere, gizartea mobilizaziora deitu dute, «bestela nahi dutena egingo dute, hau da, osasuna pribatizatu eta zerbitzu kaskarragoa eman», azaldu du koordinakundeko kide den Jabi Aranak, 2012ko errepasoa egiterakoan.
Osakidetzaren hitza
Iazko urteaz hitz egiten hasteko Osakidetzak emandako hitza ekarri behar da gogora. Osakidetzak banatutako eskuorri batzuetan irakurri ahal zenez, Tolosaldearen egoera beste eskualdeetakoa baino kaskarragoa da eta hori dela eta, osasun arreta hobetzeko neurri zehatz batzuk hartuko zituela azaldu zuen: arreta espezializatua klinikara pasako zela erabat, ospitale arreta espezialitateen anbulatoriotik klinikara pasako zela, eta ospitaleko arreta Donostia ospitalean edo Asuncionen egin ahal izango zela, «baina eredu berri hau hasi zenetik Donostiara baino Asuncionera nahi eta nahi ez joan beharko garela ere esan zuten», nabarmendu du Aranak. «Era berean, 2012tik aurrera ospitaleko zerbitzu berriak izango genituela ere esaten zen», gaineratu du. Hau guztia, hau da anbulatorioaren eta klinikaren arteko harreman hau, berriz ere itun bidez egin dute; ituna urtero aztertuko dute eta gehienez bost urtekoa izango da. Ituna bertan behera uzteko arrazoietako bat helburu kualitatibo eta kuantitatiboak ez betetzea izango litzateke, eta Jabi Aranaren ustez, hori bete egin da: «Zerbitzu okerragoa dugu, jende gutxiago dago lanean, itxarote zerrendak igo dira... ituna bertan behera utzi beharko lukete». Zentzu honetan koordinakundeko kideak, Osakidetzak egindako azterketa bat ekarri du gogora, izan ere, Asuncionek itunaren ebaluazio bezala aurkeztu zuen, baina inkesta bat besterik ez zen. «Osakidetzak jendearen asetzea neurtzeko inkesta bat egin zuen, eta bertan jendea oso gustura zegoela azaldu zen. Baina hori ez da itunarekin jarraitu edo ez erabakitzeko balekoa den zerbait, inkesta soil bat baita. Inkesta horretan, gainera, oso azaleko gauzak neurtu zituzten: harrera, intimitatea, langileen errespetua eta adeitasuna... Kontutan hartu beharreko gauzak, behar bada, baina hori baino gauza serioagoez ere ari gara gu». «Txorakeria» hauez gain, hala ere, bi gezur ere bazeuden inkestan; bata, lantalde profesionalen ahalmen teknikoari dagokionez, eta bestea, zain egon beharreko denborari dagokionez. «Espezialista bezala lanean dauden batzuk ez dira espezialistak», salatu du lehen puntuari dagokionez. Bigarrengo «gezurraz» berriz hau dio Aranak: «Inkestaren arabera, bataz beste, 15 minutukoa da, baina guk salaketa asko jaso ditugu eta denbora hori gehituz doala ziurtatu ahal dugu».
Itxarote zerrendak
2012an abiarazitako itunaren arabera, batetik anbulatorioko hiru zerbitzu Asuncionera eraman dituzte; kardiologia, traumatologia eta oftalmologia. Klinikan, ordea, ez daude langile nahikoak, eta ondorioz, eskualdean inoiz egon ez den arazoa dagoela esan du TOPAko kideak: itxarote zerrenda luzeak. Bestetik, klinikara eraman ez dituzten, baina anbulatorioan murrizten ari diren zerbitzuak hauek dira: digestio zerbitzua, neurologia, eta dermatologia. Hiru hauen kasuan, langile kopurua jaitsi dute, baina klinikan osatu gabe, eta ondorioz, hemen ere itxarote zerrenda luzeak ari dira sortzen. «Geroz eta okerrago gaude. Digestio zerbitzua ere kendu nahi zuten, eta guk bideratutako kexengatik jarri zuten, beraien asmoa kirurgilariak zerbitzu hori ematea baitzen», azaldu du. Bukatzeko, bada beste kasuistika bat ere; klinikak hartu zuen espezializazio bat, eta orain itzuli dutena: neumologia. «Langile gutxiago badaude, ezinezkoa da zerbitzu hobea eskaintzea. Logikoa da», azaldu du. Aranak argi du: «Jasotako datuek argi uzten dute zerbitzu okerragoa jasotzen ari garela. Eredu berri honek ez digu gainontzeko eskualdeek jasotzen duten zerbitzura gerturatzen, kontrakoa baizik. Eta ez badugu ezer egiten, horrela jarraituko dugu; bide okerretik». Zer egin beharko litzateke orduan, zerbitzua parekatzeko? «Asuncion klinika publiko bihurtu, beste eskualdeetan bezala, eta espezialitateen anbulatorioari lehen zituen egitekoak itzuli».
Ekitaldi sinbolikoa egingo dute larunbatean anbulatorioan
Larunbatean, hilak 19, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan Trianguloa plazan. Baina TOPAko kideak protesta bide berriak egin nahi dituzte «inposatu nahi duten atentzio eredu berriari desadostasuna adierazteko», eta hori dela eta ekitaldi sinbolikoa egingo dute elkarretaratzea eta gero. Trianguloatik espezialisten anbulatoriora joango dira eta han, sinbolikoki, denen artean eraikuntza besarkatuko dute.
TOPAren datuak:
Tolosako Zerbitzuak:
Anbulatorioko zerbitzuak. Bai anbulatoriotik klinikara eramandakoak, eta baita anbulatorioan ematen direnak.
Ospitale zerbitzuak. Asuncion klinikan bakarrik.
Zerbitzu berriak. Asuncionek eman beharrekoak, baina ez dira hasi oraindik, edota ez dituzte behar bezala ematen.
Alegazioak
Itxaron zerrenda luzeak sortu dira.
Mediku orokorrak espezialista bezala daude lanean.
Ordenagailu-sistemak koordinatu gabe.
Farmazia zerbitzua ez da nahikoa. Asuncioneko eri batzueri sendagairik ez zutela eta etxekoa eramateko eskatu diete.
Lanpostuen zerrenda
Osakidetzako eskualdeetako ospitaleak. Beste eskualdeetako langileen kopuruaren bataz bestekoa aterata, 39,1 langile ateratzen dira. (82.267 biztanle artatzen dituztela hartu da kontutan)
Asuncion klinika. Gaur egun 20,1 langile daude (65.000 biztanle artatzen ditu). Asuncion klinika publikoa balitz, 30,9 aterako litzateke.
10,8 espezialista. Asuncion klinikari falta zaizkion langileak; %53 langile gehiago beharko lituzke, ospitale publikoen pare geratzeko.