«Eskualdea zertara bideratu nahi dugun hausnartzen hasi behar dugu»

Ataria 2013ko urtarrilaren 16a

Ibai Iriarte, Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria

Tolosako alkatea izateaz gain, Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria da Ibai Iriarte (Tolosa, 1983). Eskualdeko egoera ekonomikoaren inguruan hitz egin du Iriartek Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariarekin. Aurrera joateko, bidea «desberdinen artean» burutu behar dela dio.

Ibai Iriarte, Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria[/caption]

LAB eta ELA sindikatuetako Tolosaldeko ordezkariek, epe luzeko plan estrategiko baten beharra aldarrikatu dute. Tolosaldea Garatzeneko lehendakari bezala, bat egiten al duzu irakurketa horrekin?

Bai. Udaletxera sartu ginenean, hitzarmen sozioekonomikoa behin eta berriz aipatzen genuen. Eskualdeko herrien artean daukagun harremana handia da; astero elkartzen gara, eta plan estrategiko horren beharra mila bider atera da.

2011n eskualdearen egoeraren inguruko plan bat egin zuen Deloittek.  Non gelditu da lanketa hori?

Lehiakortasun plan hori, eta aurrez egin diren guztiak, estatikoak dira guztiz, hau da, argazki finko bat dira. Guk aurrera begirako plan estrategiko bat dugu buruan, eskualdean mila bider atera baita behar hori. Momentu honetan bidea lantzen ari gara, eta Lehiberriren aurkezpenean jarriko dugu mahai gainean.

Egitasmo horren ardatz nagusiak zeintzuk izango dira?

Eskualde mailako eragile sozioekonomiko desberdinak bildu behar gara, publiko zein pribatuak; udalez gain, lehen, bigarren eta hirugarren sektoreko aktoreak; alderdi politikoak... Azken finean, zeresana duten eragileak elkartu behar gara, eta etorkizuneko eskualdea zertara bideratu nahi dugun hausnartzen hasi behar dugu.

Iraganean egin diren plan guzti horien ondorioz, eskualdea zein egoeratan dagoen azaltzen duen informazioa badaukagu, beraz, horren gainean hasi behar dugu hitz egiten desberdinen artean. Denok bizi garen eta bizitzen jarraitu nahi dugun eskualde honen etorkizuna nolakoa izatea nahi dugu? Galdera honen inguruan ildo estrategikoak markatu beharko ditugu, aurrera begirako pausoak sortuz. Sinergiaz hitz egiten ari gara, elkar ekintzez.

Noiz jarriko duzue martxan lanketa hau?

Udaberritik aurrera hasiko gara. Aurretik planaz hitz egiten ari gara, adibidez, badakigu zeinekin egin nahi dugun: Lanki-rekin. Mondragon Unibertsitatean dagoen ikerketa taldea da Lanki. Eurekin hitz egiten hasiak gara, plangintza zehazteko. Lehen esan moduan, Lehiberrirekin batera aurkeztu nahi dugu.

Berandu dela ere aipatu zuten sindikatuetako ordezkariek.

Horrela da. Eskualdean, 90. hamarkadako krisialdiaz geroztik, egiturazko gainbehera bat daukagu. Testuinguru ekonomikoa ona izatean, egiturazko gabezi hauek ez dira azaleratu, baina testuinguru horrek okerrera egin duenean, egiturazko gabezi hauek azaleratu egin dira. Horregatik gabiltza berandu, baina eutsi beharreko gaia da. Planteatzen ari garenarekin ez dira fruituak bihar edo etzi jasoko, etorkizunari begira ari gara hitz egiten. Lehen esan bezala, eskualde honetan bizi garen guztiok eskutik joan behar dugu, Tolosaldeak dituen beharrak hauek dira, eta hau eskatzera gatoz, batera esanaz.

Datekin jarraituz, lanketa hau noizko egongo da amaituta?

Eragile desberdinen arteko elkarlanaz ari gara hitz egiten, eta sinergia horietan lan egiteko, lehenik eta behin, parte hartze kultura sustatu behar da. Ez gara ari norberak dituen beharrez hitz egiten, ikuspegia askoz globalagoa da, hau da, eskualdeaz ari gara hizketan, beraz, gutxinaka-gutxinaka lantzen joan beharko diren gauzak dira.

Amaiera? Plan honen funtsa ondorengoa litzateke: lantaldeak sortzea, ildo estrategikoak markatzea, eta ildo horien jarraipena egiteko lantaldeek martxan jarraitzea. Ildo estrategiko horiek garatzen doazen bitartean, puntu eta garapen gune berriak sortuko lirateke. Elkar eragina sortu behar dugu, orduan, amaierarik gabeko proiektu batez hitz  egin beharko genuke.

Hau da, lanketa honetatik ez da aterako ez dakit zenbat orri dituen txosten bat; plan estrategikoa hau da esaten duena.

Ez dugu txosten berri eta panpox bat nahi, gero armairu batean sartzeko. Lan egiteko modu berriak sortu nahi ditugu, eskualdean dauden indar gune eta eragileen bidez: elkarguneak sortu, hitz egin, ebatzi, erabaki eta lanean batera jardun.

Eragile desberdinekin hasi al zarete lanketa honen inguruan hitz egiten?

Zerrenda osatzen ari gara une honetan. Hausnarketa estrategiko horri begira, hainbat bilera eginak ditugu Lanki-rekin, baina oraindik ez gara eragileekin harremanetan jarri; horretan gaude. Txikitik hastea hobea dela iruditzen zaigu, gero egikaritzen joateko. Ez dugu saldu nahi sendagai magikorik, ez dagoelako. Nahiago dugu umiltasunetik eta isiltasunetik hasi, eta poliki baina gauzak ondo egin. Indarrez eutsi beharreko gaia dela iruditzen zaigu: beharrezkoa. Eragileei mila bider deitzen zaie gauzetan parte hartzeko, eta gero, kaxoi batean gelditzen diren planak izaten dira. Ez dugu horrela lan egin nahi.

Eskualdearen sare industriala nolakoa den kontuan hartu beharko da guzti honetan.   

Udaletxeen artean denbora daramakigu gai honen inguruan eztabaidan, denon kezka baita. Argi duguna zera da, orain arteko makro eredu horietakorik ez dugula nahi. Aurreko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eredua etortzen zait burura: Gipuzkoa Aurrera. Hemen sare industriala enpresa txikiez osatua dago: lantegien %94 hamar langile baino gutxiagok osatzen dute. Hori da Tolosaldean daukaguna; ez dago motor lana egingo duen enpresa bat, CAF baten moduan. Daukaguna erabili behar dugu, eta ez jendeari denbora eskatu, ondoren txoko batean geldituko den plan bat egiteko. Eraginkorrak izan behar dugu, eta baita zintzoak ere, zer dagoen eta zer ez dagoen argi azalduz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!