Bengoetxea VI.ak eta Beroizek partida guztiak irabazi dituzte

Ataria 2013ko urtarrilaren 15a

Lehen Mailako Binakako Pilota Txapelketaren laugarren jardunaldiko azken partida jokatu zen atzo, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Gorriz, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Beroiz kantxaratu ziren, eta urdinez, Begino-Arretxe II.ak osatutako bikotea. Akatsez beteriko partida izan zen, baina 22. tantoa egiten asmatzen duenak irabazten duenez, atzoko partida Bengoetxea VI.a-Beroizek irabazi zuen, 22-21. Sailkapen nagusian lehen postuan daude, bakarrik, lehia guztiak irabazi ondoren.

Urdinek hasieratik hartu zuten aurrea, joko handirik erakutsi gabe. Gorriek hamaikana berdintzea lortu zuten, eta partidari buelta ematekotan zirela zirudien, baina hutsegiteek aukera hori bere horretan utzi zuten. Emozioa markagailuak 16-20 jartzen zuenean iritsi zen. Dirua lehen aldiz urdin ari zen kantuan, eta dena hor amaituko zela zirudien. Usteak erdia ustel, eta hogeinako berdinketa. Dirua gorri, eta partida amaitzeko bi tanto bikote bakoitzari. Berriro urdinak aurreratu ziren markagailuan, eta erabakigarria zirudien, baina partida osoan ikusi ez zen Oinatz Bengoetxea orduan agertu zen, pilota bizi mugituz, eta arriskuak hartuz. Berdinketaz gain, azken tantoa ere berak lortu zuen. Lehenik, ezker airez zabalean jarri zuen pilota, eta Arretxe II.ak ozta ozta itzuli ostean, txokoan moztu zuen partidari amaiera emanaz.

Tolosako Beotibar pilotalekua ez zen bete atzokoan, inondik ere, baina eskertu zuten partidak azken zatian izan zuen emozioa.

Lehen mailako lehiaren aurretik, bigarren mailako binakako txapelketaren partida jokatu zuten Olazabal-Arrutik eta Apezetxea-Larrinagak. Azken hauek izan ziren nagusi partida osoan zehar, eta emaitza argi batekin lortu zuten txapelketako lehen jardunaldia irabaztea: 22-6. Mikel Olazabal aresoarrak ez zuen bere egunik onena izan atzokoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!