Ohiko zine emanaldiez gain, musika nagusi izango da Tolosako kultur agendan, asteburuan
Desordutan taldearekin batera ariko da Manent, Bonberenean.
Desordutan eta Manent talde tolosarrek kontzertua eskainiko dute, gaur, Bonberenean. Pop-rock doinuen zaleek bereziki gozatuko dituzte emanaldiak, beraz, 22:30etik aurrera.
2008an argitaraturiko Txuribeltzeko amodioa izan zen Manenten lehen diska, eta 2010ean, Barrutik proposamena egin zuen taldeak; bi lanetako piezak entzungai izango dira gaur.
Beren aldetik, Desordutan taldeko kideek ere bi disko argitaratu dituzte beren ibilbidean barrena. 2007an taldearen izen bereko lan autoekoiztuarekin aurkeztu zuten euren burua, eta 2009ko Eromena zor dizut da, laukotearen azken lana.
Asteburua borobiltzeko, larunbatean hiru emanaldi izango dira Bonberenean: Ordiziako Ciclos Iturgaiz taldeko kideek, tekno-pop-punk doinuei lagunduko diete beren mozorroekin, eta jarraian, Kokoshka eta GGQuintanilla ere ariko dira oholtzan.
Musika, hamaika formatotan
Gabonetako oporraldiaren ondorengo asteburuak, bestelako musika emanaldiak ere ekarriko ditu Tolosara. Horrela, Leidor aretoan genero lasaiagoez gozatzeko parada izango dute ikus-entzuleek, Los Panchos hirukotearen bolero saioarekin, 20:30ak aldera. Oraindik ere eskuragarri daude kontzerturako sarrerak, http://www.kutxasarrerak.net webgunean.
Azkenik, igandean kamera musika protagonista izango da Iurreamendi egoitzan. Arimaz kamera orkestrak emanaldia eskainiko du, 11:00etatik aurrera.
Zinea, heldu eta gazteentzat
Leidor aretoak, kontzertuez gain, ohiko zine saioak ere eskainiko ditu. Komedia eta drama uztartzen dituen Las Sesiones filma ikusgai izango da, bihar, 19:30ean eta 22:30ean, eta igandean, ordutegi berean. Astelehenean, berriz, 20:30ean eskainiko dute filma.
Haurren zinemari dagokionez, asteburu honetako filma El alucinante mundo de Norman izango da, igandean, 17:00etan.