Galtzaundi Euskara Taldeak 2011. urtean abian jarri zuen irakurle taldeak, bere hirugarren urteari ekingo dio gaur, Uxue Alberdiren ‘Aulki bat elurretan’ liburua hizpide dutela.
Bi hilabetez behin, idazleak gonbidatzen dituzte irakurle taldera; Kirme Uribe duela bi urte izan zen.
Bere ibilbideko hirugarren urteari ekingo dio, bihar, Galtzaundi Euskara Taldeak sortu zuen irakurle taldeak. 2010ean piztutako ideia batetik abiatu ziren orduan, eta euskara taldeak txoko berri bat ireki dio, Tolosan eta Tolosaldean, euskal literatura sustatzeko egitasmoei.
Galtzaundiren helburuak argiak izan dira hasieratik, eta oinarri-oinarrian euskal literatura izan dute hastapenetatik: «Egitasmo honek euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea, eta irakurtzeko ohitura dutenei euskarazko literaturaz hitz egiteko espazioa eskaintzea du helburu», azaldu dute Galtzaundiko arduradunek.
Honekin batera, gainera, Tolosaldeko idazleei ere tartea eskaintzeari garrantzia ematen diote, eta eskualdean argitaraturiko euskarazko lanak kontuan hartzen dituzte.
Irakurle taldearen 2013ko lehen saioa gaur bertan izango da, 19:30ean, eta Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan lana izango dute mintzagai. 2007an argitaratu zuen idazle, kazetari eta bertsolari elgoibartarrak, Suedian kokaturiko narrazio laburrez osatutako liburua.
Letrek pizten dutena kontatu
Galtzaundi Irakurle Taldea hilean behin elkartzen da, 2011ko urtarrilaz geroztik, eta Tolosako kultur etxean jarri ohi dute hitzordua, hilabeteko lehen ostegunean. Zerrendan 28 izen dituzten arren, «normalean 10 edo 15 lagun elkartzen dira». Hala ere, Galtzaundi Euskara Taldeko arduradunek, bilera irekiak direla gogora ekarri nahi dute, eta ez dela derrigorrezkoa saio guztietara joatea: «Jende berria erakartzea beti positiboa da, iritzi-trukaketan aberasgarria baita».
Funtsean, liburu bat irakurri eta berau hizpide izatea da taldearen jarduna: «Bilerak nahiko informalak izaten dira, eta ez dute gidoi berezirik jarraitzen liburuez mintzatzeko garaian. Kide bakoitzak, liburua irakurrita izan dituen sentipenak azaltzen ditu», diote Galtzaundi Euskara Taldekoek.
Arduradunek azaldu dutenez, irakurle batzuek idazkerari gehiago erreparatzen diote, eta baita lan horretan autoreak darabilen hiztegiari nahiz idazlearen ibilbide osoari ere. Beste parte-hartzaile batzuek, berriz, istorioan, honen garapenean edo pertsonaien ezaugarrietan jartzen dute arreta. «Hori guztia era naturalean egiten dute, elkarrizketa bat sortuz».
Taldea sortu zen garaian, dinamizatzailerik ez zela behar erabaki zuten orduko kideek. Horrela, Galtzaundi, saioen antolaketaz soilik arduratzen da: kultur etxeko gela hartu, hedabideei eta gizarteari bileren berri eman, eta idazleek irakurle taldea bisitatu behar dutenean, haiekin harremanetan jarri.
Izan ere, bi hilabetez behin, taldea irakurtzen ari den liburuaren egilea gonbidatu egiten dute irakurle taldera; hark liburuaz hitz egiten du, irakurleek beren sentipen eta iritziak azaltzen dizkioten bitartean: «Idazlea gonbidatzen dugunean, parte hartzaile gehiago bertaratzen dira, eta idazleak berak izaten du protagonismoa; normalean liburuaz sarreratxo bat egin, eta jendea berehala galderak luzatzen hasten da, tertulia bat sortuz», azaldu dute antolatzaileek.
Kasu horietan, gainera, idazleari euskarazko liburu baten gomendioa emateko eskatzen diote, hurrengo bilerarako irakurgai gisa. Irakurle taldeko kideak eurak dira, hala ere, hilabete bakoitzeko irakurgaia zein izango den adosten dutenak.
Hogei libururen inguruan aritu da jada taldea, eta euskal literatur emaria hizpide izanez, beste hainbestetan elkartzea espero dute arduradunek.
Liburuak
Sua nahi, Mr. Churchil. Koldo Izagirre
Hiru Mariak. Arantxa Urretabizkaia
Habitat. Katixa Agirre
Haragia. Eider Rodriguez
Ordu bietan Frontoian. Jokin Ansorena
Bilbao-New York-Bilbao. Kirmen Uribe
Eta emakumeari sugeak esan zion. Lourdes Oñederra
Mea Culpa. Uxue Apaolaza
Kolosala izango da. Joseba Sarrionandia
Argi-itzalen neurria. Xabier Artola Zubillaga
Zamaontzia. Iñigo Aranbarri
Twist. Harkaitz Cano
Galerna. Iratxe Esnaola
Kontrarioa. Lander Garro
Suite Frantsesa. Irène Némirovsky
Des egiten. Ione Gorostarzu
ni, Vera. Itxaso Martin
Martutene. Ramon Saizarbitoria
Orbanak. Pello Lizarralde
Etxekalte. Harkaitz Zubiri