Osasuna guztion eskubidea delako

Ataria 2013ko urtarrilaren 10a

Gipuzkoar guztiek osasun arloan dituzten eskubideak bermatze aldera sortu berri dute Jatorri Anitz Herri Bat dinamika. Krisi egoera honetan, hala ere, badira ahulagoak diren taldeak, etorkinena, esate baterako, eta ekimen honen helburua horixe da: etorkinek osasun arloan dituzten kexak doako telefono baten bidez askatasun osoz bideratu ahal izatea.

Dinamikan Gipuzkoako hainbat taldek hartu dute parte, tartean eskualdeko Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak eta Jatorkin etorkinen elkarteak. Osasun publikoaren alde lan egiten duen taldearen izenean Floren Altunak hitz egin du, eta ekimena oso garrantzitsutzat jo du: «Guk Tolosaldeko mailan egiten dugu lan, baina Gipuzkoa mailako ekimen honetan parte hartzeak berebiziko garrantzia du». Altunaren ustez, krisia aitzakiatzat erabiltzen da hainbat oinarrizko eskubide urratzeko, eta horri aurre egin behar zaio. «Zerbitzu publikoak desegiten ari dira eta horrek batez ere, egoera larrienean dauden pertsonei eragiten die», esan du.

Eusko Jaurlaritzaren dekretua

Jatorkin elkarteko Saad Malec ere iritzi berekoa da; krisia dena estaltzeko erabiltzen dela dio. Era berean, ekainean Eusko Jaurlaritzak kaleratutako dekretua ere ekarri du gogora.

Honen arabera, erregularizatu gabeko etorkinei eta osasun txartela ez dutenei erroldatuta gutxienez urtebete egotea eskatzen diete, eta ondorioz, pertsona ugari osasun arretarik gabe geratu dira. «Hori guztia salatu egin behar dugu, osasun eskubidea unibertsala da, eta hori bermatu behar dugu», gaineratu du.

Jatorri Anitz Herri Bat dinamikako kideek, zentzu honetan, Jaurlaritzak bere hitza ez duela bete salatu dute, etorkin guztiei zerbitzua emango ziela eta botiken berrordaintzea ez zuela aplikatuko azaldu baitzuen.

Zerbitzua

Horiek horrela, osasun arretarik jasotzen ez duten etorkinek doako telefono batetara deitu ahal izango dute (900 101 226) kexa

egiteko, eta www.denokgipuzkoar.net helbidean ere gauza bera egin ahal izango dute.

Telefonoa 24 orduz egongo da erabilgarri; goizean zehar pertsona bat egongo da harrera egiten eta bestela erantzungailu bat egongo da. Zerbitzua osasun eskubidea ukatu zaienek edota honen berri izan dutenek erabili ahal dute, eta kasu guztietan anonimotasuna bermatzen dute zerbitzuaren arduradunek.

Jasotzen dituzten dei eta mezu guztiekin Gipuzkoa mailan ematen den egoeraren berri izan nahi dute, eta behin kexa eta iradokizun guztiak bilduta beharrezkoa den lekuetara joko dute gipuzkoar guztien osasun zerbitzua bermatzeko.

Telefono zein internet bidezko zerbitzua orain abiarazi badute ere, dinamika 2012an jarri zuten martxan. Hainbat alorretako jendeak hartu du parte azken hilabeteetan egindako bileretan, eta aurrerantzean ere bilduko direla azaldu du Floren Altunak. «Aurrerantzean bilduko gara ere, eta herriz herri ere aurkezpenak egiteko asmoa dugu, informazioa eman eta zerbitzuaren berri emateko», gaineratu du Malecek.

«Anbulatorio bakoitza mundu bat da» 

Saad Malec, Jatorkin elkarteko kidea

Saad Malec etorkinekin lan egiten duen Jatorkin elkarteko kidea da. Marokon jaio zen, baina urte asko daramatza Tolosan. Jatorri Anitz Herri Bat dinamika lagungarria izango dela uste du, kexak telefonoz edo internet bidez egiteak «bidea errazten» duelako eta «egia esateko askatasuna» ematen duelako. Osasuna eskubide unibertsal izatetik bakar batzuen eskubide izatera pasatu dela salatu du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, printzipioz, Espainiako Gobernuak emandako agindua ez dute betetzen, eta pertsona guztiak artatzen dituzte. Ez al da horrela?

Berez osasun txartelik gabeko pertsonak ere artatzen dituzte hemen, baina anbulatorio bakoitza mundu bat da; funtzionario mingots batekin egin dezakezu topo eta ez dizula artatuko esan ahal dizu inongo arazorik gabe. Osasun arloko langileak ere ez daude oso egoera onean orain, eta askotan etorkinekin usten dira.

Etorkinek jasaten dituzten egoera hauetarako baliagarria izango da, beraz, Jatorri Anitz Herri Bat.

Kexak telefonoz edo internet bidez egiteak bidea errazten die. Batzuk hizkuntzarekin arazoak dituzte eta norbaiti esan ahal diote laguntzeko... modu erosoa da euren eskubideak errespeta daitezen eskatzeko.

Etorkinen elkarteek askotan salatu izan duzue erroldatze paperak lortzea geroz eta zailagoa dela, eta ondorioz, osasun txartela. Nola dago gaia?

Arartekoak esan zuen moduan, mundu guztiak du, baita zubi azpian lo egiten duenak ere, erroldatzeko eskubidea, eta beraz, osasun txartela eskuratzeko aukera, baina udal askori ahaztu egiten zaie eta trabak jartzen dituzte. Orain etxeetako metro karratuekin gabiltza bueltaka, etxeek gutxienez 10 metro koadro izan behar dituztela, edo ez... Arazo bat baino gehiago jartzen dituzte hainbat udaletan, baina helburua bera da: etorkina baztertzea.

Telefonoa. 900 101 226, dokoa da, eta 24 orduz erabili ahal izango da.

Interneteko helbidea. www.denokgipuzkoar.net.

Erabiltzaileak. Osasun eskubidea urratu zaion pertsona oro, edo horrelako kasuren bat ezagutzen duena.

Parte hartu duten elkarteak. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde, Jatorkin, Al Fatiha, Bai Euskal Herriari, Esperanza Latina, Kaebnai, SOS Arrazakeria, Anitzak, Malen Etxea, Banda Bat, Harresiak Apurtuz, LAB, EHE, Elkartzen, EGK, Bidez Bide, Adiskidetuak, Arrats, Akanpada Donosti, Ikasle Abertzaleak, EILAS, Bilgune Feminista, Colectivo de Refugiados Colombianos Bachué, Asoleus, Eraldatzen, Sortzen Ikasbatuaz, Eleak, ESK eta Adsis.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!