Urtarrilaren 31ra arte burutuko dute gurean, Sahararako material bilketa

Ataria 2013ko urtarrilaren 10a

Elkartasun mezuez eta ekimenez beterikoa izaten da urte sasoi hau. Batean zein bestean egin ohi dira gehien behar dutenei laguntzeko ekimenak, hala nola, elkartasun azokak, krosak, janari eta diru bilketak. Horietako bat da Laskorain ikastolak urtero antolatzen duen merkatu txikia. Iragan igandean itxi zituen ateak, eta bertan bildutako dirua hirugarren munduko lurraldeko proiektuetara bideratzen dute. Hain zuzen ere, saharar errefuxiatuen kanpalekuetara joan ohi da elkartasun azokan bildutakoaren zati bat. Saharrei laguntzeko hamaika ekitaldi antolatzen ditu eskualdean Tolosaldea Sahararekin elkarteak urtean zehar, eta egunotan bertara bideratzeko janari bilketarekin ari dira buru-belarri.

Janari bilketa honek urtarrilaren 31ra arte iraungo du. Urtero moduan, Tolosaldeko herritarrek euren herrietako udaletxeetan, kuktur etxeetan, eskoletan, supermerkatuetan edota bilketarako egokituriko bestelako txokoetan utzi ahalko dituzte elikagaiak.

«Herritarrak animatu aldera», aurreko urteetan egin moduan, Tolosako Triangulo plazan kokaturiko Kultur Etxearen kanpoaldean kamioimetroa jarriko dute, eta horrela herritar guztiek ikusi ahalko dute zenbat kilo biltzen ari diren. Sahararen aldeko elkartearen helburua aurreko urteetan bezala, Tolosaldean 10.000 kilo biltzea da.

Bilketa bukatu ondoren, elkarteko kideek euren lokalean prestatuko dute jasotako material guztia, eta gero hori kamioietan sartuko dute. Kamioi karabana otsailean aterako da errefuxiatuen kanpamenturantz.

Diruz laguntzeko modua

Bigarren eskuko kamioiak erosi beharra izaten dituzte materiala kanpalekuetara eramateko, eta horretarako ere laguntza eskatu dute Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek. Diruz lagundu nahi duenak kontu korronte bidez egin ahalko du.

Kanpalekuetara eramaten dituzten elikagaiak bertan bizi diren sahararren artean banatzen dira. Aurtengo janari bilketan eskola materiala uzteko ere eskatu diete herritarrei. Hori elkarteak esku artean duen proiektura bideratuko da. Saharar lurralde askatuetan Midyic izeneko herrian eskola bat eraikitzen ari dira. Dagoeneko hiru gela daude eraikita eta bertan 44 ikasle dabiltza oraingoz. Eraikuntza bukatu eta bere mantenua egiteko dirua lortzen ari dira baina eskola materiala ere behar dutela adierazi dute elkarteko kideek.

Horregatik, janari bilketarekin batera koadernoak, arkatzak, ezeztekoak, bolalumak edota txorroskiloak bezalako materiala jasoko dute. «Eraikitzen ari garen eskola bukatzean 120 ikaslerentzako tokia egongo da eta hauek hezkuntza lana bete dezaten gure laguntza behar dutelako jartzen dugu abian bilketa hau», azaldu dute.

Tolosaldea Sahararekin elkartearen helburua «sahararrei elkartasuna adierazi eta errefuxiatuen kanpalekuetara ahal den laguntzarik gehien eramatea da». Horretarako, beste behin ere, Tolosaldeko herritarren parte hartzea eskatu eta eskertu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!