Gabonetako kanpaina merkealdiarekin hobetzea espero dute dendariek

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 9a, 11:13

Krisia dela eta ez dela, Tolosako dendari gehienek aurreko urteetan baino kanpaina eskasagoa egin dute eguberrietan, eta beherapenek hori guztia berreskuratzen lagunduko dietelakoan daude. Erakusleihoetan %20, %30, %40 eta %50eko beherapenen kartelak ikusgai daude jada, eta otsaila bukaerara bitarte halaxe jarraituko dute.

Ia denda gehienetan, pasa den astelehenean hasi zen, merkealdia

Merkealdia Gabonetako oporraldiaren ondoren etorri ohi da urtero; aurten, ordea, Espainiako Gobernuaren lege berri bat dela eta, merkatari bakoitzak bere dendako beherapenak nahi dituen garaian jartzeko eskumena izan du. Tolosan, zenbait dendetan gabonetako deskontu eta merkealdien kartelak ikusi ahal izan diren arren, «denda gehienek ohiko merkealdiaren garaia errespetatu egin dute», Tolosa & Co elkarteko Juanjo Ruizen arabera. «Madrildik inposatu diguten zerbait izan da lege berria, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak ezin baitute ezer egin, neurri horren aurrean. Lege berriaren arabera, nahi duenak nahi duenean jar dezake merkealdia», azaldu du Ruizek.

Horrela, beraz, datorren otsaila amaierara bitarte, beherapen, deskontu eta mauka onenez gozatu ahal izango da dendetan: «Lehengo legearen arabera, martxoa hasierara arte manten zitekeen merkealdia, gehienez ere. Normalean, ordea, jendeak otsaila amaitu bitarte mantentzen ditu beherapenak, gero denboraldi berriko arropa jartzen hasten baitira», azaldu du Ruizek.

Merkealdiaren esperoan

Balorazio orokorregirik egiteko astirik ez dute izan, oraindik, merkatariek. Denda bakoitzak bere erara bizi izan du eguberrietako kanpaina, baina oro har, salmenten jaitsiera azpimarratu du Tolosa & Co merkatarien elkarteak.

Mahe arropa dendako arduradunak, esaterako, Gabonetako kanpaina nahiko ondo joan zaiola azaldu du: «Ezin naiz kexatu, iazko moduan joan baitzaizkit gauzak. Egia da, iaz nabaritu zela beherakadatxo bat, baina tira, oro har, Gabonetako kanpaina aurrera atera dugu».

%50a bitarteko beherapenen eskaintzak ikus daitezke

Merkealdiaren lehen egunari dagokionez, ordea, «nahiko lasaia» izan zela azaldu du: «Errege eguneko opariak aldatzera etorri zen jendea, baina oraingoz, merkealdia bera motel samar hasi da. Aurrerantzean ere salmentak lasai joango direla uste dut egia esan; gaurtik aurrera, behar bada, indar pixka bat hartuko dute, eta asteburuan ere gorakada nabarituko da, baina esan bezala, merkealdi lasaia izango dela uste dut».

Ez dute balorazio bera egin, ordea, Lara dendako arduradunek: «Krisia asko nabaritu dugu Gabonetan, eta gainera, denda batzuek merkealdia eguberrietan hasia zuten jada; horrek eragin digu, eta jendea merkealdiaren zain egon da». Horrela beraz, lege berriaren eragina eta krisia bateratu zaizkiela uste dute Larako dendariek: «Opari oso gutxi bildu ditugu aurten».

Astelehenean, ordea, sekulako salmentak izan zituzten Lara arropa dendan: «Lehen eguna izugarria izan da aurten, geratu gabe ibili ginen astelehenean, historikoa izan zen guretzat. Jendea merkealdiaren zain zegoen, argi eta garbi».

Azkenik, Tolosa & Co merkatarien elkarteko Juanjo Ruizek ere, Gabonetan krisia nabaritu dutela azpimarratu du: «Egia esan, orain arte ez dugu krisiaren zantzu handiegirik izan Tolosan, baina azken eguberrietan salmentak jaitsi dira pixka bat. Oso-oso orokorra izan da hau, gainera».

Merkealdiaren lehen egunaren balorazio ona egin du, gainera, Ruizek, Skukn Funk, Drum eta Kimetz dendei dagokienez: «Egun bakarra pasa da, eta ezin gara balorazioekin hasi, baina atzoko eguna nahiko ona izan zen egia esan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!