Errege egunez jokatuko dituzte maila bakoitzeko finalak, eta sari banaketarekin amaituko da txapelketa
Maila guztietako finalerdietako partidak izan ziren atzo Usabal kiroldegian. Irudian, alebin mutilen norgehiagoka bat.
Hiru hamarkada baino gehiago egin behar da atzera, gabonetako lehen Shanti txapelketa jokatu zen urtera itzultzeko; gaur egun, ordea, oraindik ere, Tolosako eta inguruko neska-mutilen hitzordu garrantzitsuetako bat da, futbolean jokatzeko. Horren erakusle da, aurtengo txapelketan izena eman duten 555 gaztetxoen zerrenda.
Pasa den azaro amaieran ireki zuten, antolatzaileek, izen ematea, eta 2001etik 2003ra bitarte jaiotako gaztetxoek izan dute parte hartzeko aukera. Horrela, 59 talde osatu dituzte, guztira, parte-hartzaileek: benjamin nesken 3 talde, 2003ko benjamin mutilen 16 talde, 2004ko benjamin mutilen 10 talde, alebin nesken 11 talde, eta alebin mutilen 19 talde.
Finalerdiak martxan
Azken bi asteotan, gabonetako oporraldian jokatu dituzte partidak, urtero bezala. Usabal kiroldegiko kantxa izan da txapelketaren gerizpe, eta fasez fase partidak irabazten joan diren taldeek, finalerdiak jokatu dituzte jada.
Hain zuzen ere, atzo izan ziren, egun osoz, maila guztietako finalerdietako norgehiagokak. Alebin nesken mailan, Izarrak-Kongitoak eta Tigre txikia-Zurrunbiloak partidak jokatu zituzten. Maila berean, baina mutilen taldeetan, Egarriko tigreak-Simpsons izan zen lehen lehia, eta Gol taldea-Tximistak bestea.
Benjamin mutilen kasuan, berriz, 2003an eta 2004an jaiotakoen artean bi azpi-talde egin dituzte antolakuntzako arduradunek. Hau dela eta, 2003ko benjaminen bi partida izan ziren atzo, Usabalgo kantxan: Zuloaga Txiki-Txispa izan zen lehena, eta Babarrunak-Tximista Hirukide bigarrena. Azkenik, 2004ko benjamin mutilen finalerdiak honakoak izan ziren: Marrazoak-Tximista Samaniego, eta Iurre taberna-Uzturre taberna.
Azken partidak, etzi
Gaztetxoenak areto futbolera hurbiltzeko txapelketa etzi amaituko da, Errege egunean. Bihar, ordea, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzten norgehiagokak jokatuko dituzte neska-mutilek.
10:00etan, alebin neskak ariko dira, eta alebin mutilak, berriz, 10:45ean. 2004ko benjamin mutilen hirugarren eta laugarren sailkatuak 11:30eko lehiak erabakiko ditu, eta azkenik, 2003ko benjamin mutilen partida 12:15ean izango da.
Igandean, azkenik, finalen txanda izango da, eta sari banaketarekin borobilduko dute XXXI. Shanti txapelketa. Azken partida hauek ere, Usabalgo goiko kantxan izango dira, 09:30etik aurrera.
Lehen partida hau, bada, benjamin neskena izango da, eta 2004ko benjamin mutilen lehiak jarraituko die, 10:15ean hasita. 2003ko mutil benjaminen finala, berriz, 11:00etan hasiko da. Azkenik, alebinen txanda izango da; 11:45ean neskek jokatuko dute, eta 12:30ean mutilek. Partida hauen guztien ondoren, 13:30ean, sari banaketari ekingo diote.