Inauterietako karroza eta konpartsa lehiaketaren oinarriak aurkeztu dituzte Tolosan

Ataria 2012ko abenduaren 21a

Jokin Monfort jai teknikariak eta Mikel Arreseigor zinegotziak, Tolosako inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketako oinarriak eta baldintzak aurkeztu dituzte gaur goizean. Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek, kultur etxean edo www.tolosakoudala.net webgunean eman beharko dute izena, eta horretarako epea, otsailaren 1ean amaituko da, 13:00etan. Izena emandakoan, zenbaki bat jasoko du parte hartzaileak. Ondoren, inauterietan, zenbaki hori bistan jarri beharko da emanaldietan.

Berrikuntzetako bat, hain justu, hori izango da. Dietak jaso nahi dituzten konpartsa edo karrozek, emanaldia eskaini beharko dute. Horrekin batera, plataformek gutxieneko neurri batzuk izan beharko dituzte. Karrozen kasuan, 2,5 metroko zabalera gainditu beharko du, eta 7 metroko luzera. Konpartxak, aldiz, 2X3koak izan beharko dute gutxienez.

Baldintza guztiak izena emateko puntuetan eskuratu ahalko dira.

Sari banaketa ekitaldia otsailaren 15ean egingo dute, Piñata igandearen aurrreko ostiralean, 19:00etan udaletxeko batzar aretoan.

Ferialekua erabiltzeko ere hainbat arau jarri dituzte. Hasteko, udaleko kultura sailaren baimena beharko da bertan lan egiteko. Erabiltzaile bakoitzari bere kokapena zein den adieraziko zaio, eta karroza eta konpartsa handienek lehentasuna edukiko dute. Ferialekuaren kontrola udalak emango du, eta arauak ez baldin badira betetzen, bi aldiz ohartarazi ondoren, udalak zigorrak jarriko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!