Euskal Herria eta Finlandia elkartu ditu bi herrietako hizkuntzen hiztegi batek

tolosa 2012ko abe. 21a, 00:58

Tolosak eta Finlandiak elkarren arteko loturak badituzte. Antxon Bandres tartean zela, lagun talde bat joan zen Finlandiara 1974ean, eta hamar urte geroago beste bidaiari batzuk joan ziren, tartean Josu Iztueta. Azken honek egin zuen sarrera Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan herenegun arratsaldean egindako euskara-suomiera hiztegiaren aurkezpenari. Suomitar Euskal Herria-Finlandia kultur elkarteak argitaratu berri du eta bertako hiru kide izan ziren aurkezpenean: Joseba Ossa eta Mia Rissanen senar-emazteak eta Xila Pihlstrom. Bi herrien arteko harremanak bultzatzeko eta gertuago izateko helburuarekin egin dute hiztegia, eta hain justu, elkartea bera hiztegia osatzeko asmoz sortu zuten.

Bi herrialdeen arteko ahaidetasun harremanik ez badago ere, biek dute zerbait komunean, aurkezpenean azaldu zutenez: «Biak dira Europako hizkuntza ez-indoeuropar bakanetakoak. Euskaldunok hizkuntzaren aldetik ahaiderik gabe gauden moduan, suomitarrek badute familia bat: fino-ugriarrak, hungariera, estoniera, samiera eta beste hainbat hizkuntza txikik osatua».

Hiztegia «txikia eta apala» dela esan zuten. Guztira 8.700 sarrera inguru ditu, eta izaera praktikoa eta erabilerraza eman nahi izan diote. «Gramatika mailaketak eta jakintza alorrak, adibidez, ezinbestekoak iruditu zaizkigunean baino ez ditugu sartu», zehaztu zuten. Hainbat esaldi ere jarri dituzte, bidaia batean moldatu ahal izateko. Finantzaketari dagokionez, erabat beraien lanaz eta finantzaketaz egin dute, kanpoko inongo laguntzarik gabe, urte askotako auzolanaren formularen bidez.

Suomitar kultur elkartea 2001ean sortu zuten, Euskal Herrian, lehendik Finlandian lanean ari zen Suomi-Euskadi elkartearen lanarekin jarraitu, eta bi herrion arteko zubigintzan aritu nahian kultur alorrean. Hiztegiaren aurkezpenean Finlandiari buruzko hainbat datu eta informazio ere eman zituzten.  Hiztegia 15 eurotan dago salgai Donostiako Hontza eta Donosti liburu dendetan eta aurki www.argia.com webgunearen dendan salgai izango da. Informazio gehiago elkartearen www.suomitar.org webgunean eskuratu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!