Bonberenea 15. urteurrena «ausardiaz» ospatzen ari da

tolosa 2012ko abenduaren 19a

Tolosako Bonberenea gaztetxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu bere 15. urteurrena ospatzeko, Etorkizuna ausardiaren eskutan lelopean. Azaroaren 10ean hasi ziren eta urtarrilaren 25a arte iraungo dute, eta asteburu hau berezia izango da, besteak beste, larunbatean urtemugaren bazkaria egingo dutelako.

Hamabost urte bete dituela-eta beste horrenbesteko egiteko gai dela adierazi du Bonbereneak ohar baten bidez. Urteurreneko goiburuari helduz, «Bonberenearen etorkizuna bermatzeko beharrezkoa den ausardia» eskatu diete agintariei. Bonbereneak gaineratu duenez, bere «etorkizun egonkorra ziurtatuko duen egoera erraztea» dagokie agintariei, «horrelako kultur ondarea arriskuan jarri nahi ez bada behintzat». Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, «ez gara hasiko mugimendu honek gure herriko eta inguruko pertsona asko eta askori suposatzen dion esfortzu eta buruhausteez hizketan hasiko, baina argi utzi nahi dugu ez gaudela prest politikaren haize orratzak agintzen duen norabidea jarraitzeko».

15. urteurrena ospatzeko orain arteko agendarik beteena osatu dutela diote , eta aurten egindako jarduera «oparoa» izan dela: «Betiko kontzertu mordo eta gogoangarriez gain, 6 disko argitaratu, beste bat birargitaratu eta hiru liburu kaleratu dira Bonberenea Ekintzak plataformaren eskutik». Hain justu, etzi beste liburu eta disko bat aurkeztuko dute, Tolosako Poca Tripa txarangaren 50. urteurrenaren harira. «Ez dira asko gure herrian 50 urte bete dituzten txarangak eta zalantzarik gabe Poca Tripa da miresmen handienetakoa sortzen duena», azaldu dute Bonbereneatik.

Aste honetako egitaraua

Abenduak 21, etzi

19:00. Poca Tripa txaranga 50 urte liburu eta diskoaren aurkezpena.

Abenduak 22, larunbata

11:00. Kalejira.

14:00. 15. urtemuga bazkaria.

Abenduak 23, igandea

Okupazio Eguna

21:00. Afaria.

23:59. Su artifizialak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!