Garbiñe Ubeda, Kazetaria eta idazlea
Tolosarra izan arren, egun Hendaian bizi da Garbiñe Ubeda (Tolosa, 1967) kazetaria. Aurten, ordea, kazetari lanak idazle lanarekin tartekatu beharko ditu. Agustin Zubikarai beka irabazi ostean, urtebete eskas du Heldu den iragana proiektua nobela bihurtzeko.
Oso gustura onartu du erronka, «lana bukatzeko data zehatz bat jartzea dirua bezain garrantzitsua» baita bere esanetan. Larunbat goiza aprobetxatuta, Tolosara etorri da Ubeda, familiakoei ohiko bisita egitera. Fronton kafetegian, haurtzaroko oroitzapen ederrak ekartzen dizkion toki kuttunean erantzun ditu kazetariaren galderak.
Lehiaketara aurkeztutako hamazazpi lanetatik zurea aukeratu dute. Espero al zenuen?
Egia esanda ez. Senarrak aholkatuta aurkeztu nintzen, ez baitut gehiegi sinesten txapelketetan eta halakoetan. Baina tira, lehendik ere banuen proiektu honi heltzeko asmoa, eta gainera zertxobait idatzia ere baneukan. Horregatik eman nuen izena. Hala ere, niretzat berri onak zeuzkatela esanez deitu zidatenean, erabat ahaztuta nengoen aurkeztu nintzenik ere. Batere espero ez nuelako izan da sekulako sorpresa, baina ikaragarri poztu naiz.
Gustura, beraz, jasotako sariarekin eta jarritako baldintzekin?
Honelako lehiaketa bat irabaziz gero, dirua jasotzeaz gain lana bukatzeko epe bat jartzen dizute. Horixe da lehiaketek duten onena. Lana bukatzeko data zehatz bat jartzea dirua bezain garrantzitsua da. Epe hori jarri izan ez balidate, egunerokotasunak jan egingo ninduen. Nobela bat idaztea gauza latza da, lan handia suposatzen baitu, eta familia, lana eta beste mila bizio dauzkazunean gogoa edukita ere ezin diozu behar bezala heldu. Orain, ordea, epe jakin bat jarrita sekulako erronka bilakatzen da, eta horixe eskertzen diot gehien lehiaketari.
Lanaren kalitate linguistikoa eta zure estiloa goraipatu ditu epaimahaiak. Zein ote da ba zure estiloa?
Ofizioz kazetaria naizenez, horretan landu eta zaildu dut nire estiloa. Hala ere, nik egiten dudan kazetaritza oso muga lausotan dabil. Ez da eguneroko kazetaritza, baina ezta literatura ere. Tartean dagoen zerbait da. Egunkarietan eta zutabeak idazten ditudanean, normalki ipuin joera izaten dute, eta askotan fikzioa ere izaten dira, nahiz eta errealitateaz mintzo naizen. Muga lauso horretan legoke, beraz, nire estiloa.
Zer suposatzen du zuretzat sari hau irabazteak?
Literatur munduaren ateak parez pare zabaldu dizkit, orain arte hanka bat barruan eta beste bat kanpoan jarrita egon bainaiz ere. Baina sari honek egin didan ekarpen handiena indarra ematea izan da, nobela idazteko indarra. Bestela koldarra izango nintzen, eta ziurrenik ez nuen nobela amaituko, ez behintzat ezarritako epe horretan. Idazten hasterakoan milaka zalantza sortzen dira, ondo edo gaizki ari ote zaren, estilo zabarregian ari ote zaren, non demontretan sartu zaren… Horregatik, kanpoko norbaitek zalantza guzti horiei erantzutea behar izaten da, eta sari hau irabazteak horretan lagundu dit.
Zeri buruz hitz egingo du zure nobela honek?
Nobelako protagonista desagertutako bere aitonaren bila dabil. 36ko gerraren ostean Frantziara alde eginda desagertu zen aitona, eta familiak beti pentsatu izan du hil egin zela. Aitonaren figura oso mitifikatuta zeukaten familian. Baina haren arrastoari tiraka hastean, gauza bitxiak deskubrituko ditu pertsonaiak. Honela, bizitzan izan dituen habeak kolokan jarriko dira, bereak eta baita bere familiarenak ere. Gauza berriak deskubritzearekin batera, erabakiak hartu beharko ditu, arre edo so egin, kontatu edo berarentzat gorde. Eta hartzen duen edozein ondorio negatiboak erabakiak ekarriko dizkio ziurrenik. Aitonaren mitoa betiko eraistea eta familiak egia jakiteko dituen eskubidea egongo dira jokoan.
Zer dela eta jo duzu 36ko gerrako garaietara?
Gerrek hozkia ematen badigute ere, gu haien ondorio gara. Guk aitona bat galdu genuen gerran, eta bestea ere hor nonbait ibiliko zen. Etxe guztietan dago horrelako kasuren bat. Gerra denona izan da. Kontu horiek, ordea, isildu egin dira askotan errepresioaren beldur, eta hori ez da ona, akats berdinak behin eta berriz errepikatzen ditugulako. Hala ere, nik ez dut gerraz hitz egin nahi. Ez dut gerran gertatutakoa jakin beharrik, gerra azkena dela jakiteko. Niretzat garrantzitsuena desagertutako pertsona horrek ondoan uzten duen arrastoa da.
Zein da ba desagertuek uzten duten arrastoa?
Desagertuak mamuen antzekoak dira. Denek uste dute hilda daudela, baina egon hor daude, eta ondorengoen bizitza baldintzatzen dute. Desagertuen oinordekoak beti misterio horretan harrapatuta daude, pertsona horri ezin zaiolako agur esan, ezin delako etapa hori itxi. Pertsona bat hiltzean oso mingarria da, baina agur esan, dolua pasa eta etapa hori ixten da. Desagertuek ez dute aukera hori ematen. Horregatik, nobelako protagonistak aitonaren arrastoa bilatzeko beharra sentituko du, behingoz etapa hori itxi eta aurrera egin ahal izateko.
Pertsonaia eta istorioa erabat asmatutakoak dira edo norbaitengan oinarritu zara?
Desagertutako aitona baten istoriotik abiatuko naiz, beraz, bai, abiapuntua bada autobiografikoa. Hortik aurrerako guztia, ordea, guztia fikzioa edo asmatutakoa izango da. Errealitatearen antza izango du, baina antza besterik ez.
Irakurleak zer topatuko du nobela honetan?
Ildo nagusia istorioak markatuko du, baina horren atzean hausnarketa prozesu handi bat egongo da. Aitonaren bila dabilela, pertsonaiak hausnarketa mordo bat egin beharko du haren arrastoa jarraitzeko. Deskubritzen duen gauza bakoitza zentrifugatu, asimilatu eta aurrera egin beharko du. Beraz, gogoeta erabatekoa izango da nobela guztian zehar.
Nobela hau, literaturan egin dituzun aurreko bi lanengandik erabat desberdina dela esan daiteke. Nolatan ausartu zara proiektu honetan murgiltzera?
Desagertuaren figurari heltzeko gogoa nuen nik, eta hori kontatzeko burura etorri zitzaidan formularik onena nobela bat idaztea izan zen. Hala iruditu zitzaidan behintzat honetan hasi nintzenean. Besteak beste, horrenbeste urteren ostean egia borobila ez delako inoiz deskubritzen. Eta deskubrituko balitz ere, behar du fikziotik pixka bat hobeto ulertzeko.
Eroso sentitzen zara lan horretan?
Ez, baina horixe da onena. Eroso sentituz gero, akabo. Erosotasunak ez dauka ezer erronkatik, eta gainera, lana oso erraz egiten baduzu, ziurrenik emaitza ez da horren borobila izango. Deserosotasuna eta beldurra ezinbestekoak dira lan on bat egiteko. Gaizki egingo dudanaren beldur hori oso sortzailea da.
Eta kazetaritza edo literatura aukeratzeko galdetuko banizu?
Zer da ba kazetaritza eta zer literatura? Nik ez dut kazetari senik, ez dut kazetaritza ikasi. Gehiago gustatzen zait sortzea, fikzioa. Horregatik, nik landu izan ditudan gaiak muga lauso horretan mugitu izan dira. Kazetaritzara dedikatu naiz euskaraz idatzi nahi nuelako, eta Argian lan egin, egunkari bat sortu…
Datorren urteko Durangoko Azokan aurkeztuko duzu zure lana. Bitartean, zertan ariko da Garbiñe Ubeda?
Gustatuko litzaidake nobelarekin bakarrik aritzea, baina hori ezinezkoa da. Argian eta beste mila saltsatan sartuta jarraitu beharko dut. Aisialdiko denbora horretara eramanda idatzi beharko dut nobela, baina ez zait batere inporta. Pozik egingo dut. Gainera, sari ekonomikoarekin bidaiatxoren bat edo beste egingo dut seguruenik, nobelarako dokumentatzeko.