Tolosako Trianguloa plazako argiteria aldatuko dute argi kutsadura gutxituz

tolosa 2012ko abenduaren 18a

Tolosako Udalak 2011. urtean sinatu zuen Alkate Ituna, eta Europa mailako egitasmo honen arabera, herriak 2020rako 3 konpromiso hartu zituen: energia kontsumoa %20 murriztea, energia iturri berriztagarrien kontsumoa igotzea eta CO2 isurpenak %20 gutxitzea.

Udalak hainbat urrats eman ditu bide horretan, eta orain beste bat emango du, izan ere, Trianguloa plazako argiteria zaharkitua berrituko du, energia kontsumoa gutxituz. Guztira 27 kale argi aldatuko dituzte eta LED motako argia jarriko dute 9.038 euroko inbertsioa eginda. Tolargiko langileek egingo dute aldaketa.

Argi berriek argi kutsadura murriztuko dute, argitu behar dutena bakarrik argituko baitute, batetik, eta bestetik, energetikoki oso efizienteak izango dira, bere kontsumoa %70 gutxiago izango delarik oraingoekin konparatuz. Energia aurrezpenari dagokionez, urteko 6,6 tona CO2 gutxiago isuriko da, eta udaleko arduradunek esandakoaren arabera, aurreztuko den energia kopurua urte batean petrolio tona baten baliokidea izango da. «Ekonomikoki honek 2.352 euro aurreztea ekarriko du, urtean», gaineratu dute.

2020. urterako plangintza

2020. urterako 20-20-20 helburua lortzeko plangintzari dagokionez, plangintzak udal kudeaketaren arlo asko ukituko dituela esan du udalak. «Udal eraikinak eta ibilgailuen fota, mugikortasun eredua, hondakinen kudeaketa, hirigintza eta birgaitze ereduak, laguntza fiskalak eta kontzientziazio eta hezkuntza kanpainak, beste batzuen artean», azaldu dute. Plangintza egiteko, ordea, herritarren, enpresen eta abarren ekarpenak jaso nahi dituzte eta horretarako aurkezpen bat egingo dute, urtarrilaren 15ean udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!