Garbiñe Ubeda: «Lana bukatzeko data zehatz bat jartzea, dirua bezain garrantzitsua da»

tolosa 2012ko abenduaren 18a

Tolosarra izan arren, egun Hendaian bizi da Garbiñe Ubeda (Tolosa, 1967) kazetaria. Aurten, ordea, kazetari lanak idazle lanarekin tartekatu beharko ditu. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duen Agustin Zubikarai beka irabazi ostean, urtebete eskas du Heldu den iragana proiektua nobela bihurtzeko.

[/caption]

Lehiaketara aurkeztutako hamazazpi lanetatik zurea aukeratu dute. Espero al zenuen?

Egia esanda ez. Senarrak aholkatuta aurkeztu nintzen, ez baitut gehiegi sinesten txapelketetan eta halakoetan. Baina tira, lehendik ere banuen proiektu honi heltzeko asmoa, eta gainera zertxobait idatzia ere baneukan. Horregatik eman nuen izena. Hala ere, niretzat berri onak zeuzkatela esanez deitu zidatenean, erabat ahaztuta nengoen aurkeztu nintzenik ere. Batere espero ez nuelako izan da sekulako sorpresa, baina ikaragarri poztu naiz.

Gustura, beraz, jasotako sariarekin eta jarritako baldintzekin?

Honelako lehiaketa bat irabaziz gero, dirua  jasotzeaz gain lana bukatzeko epe bat jartzen dizute. Horixe da  lehiaketek duten onena. Lana bukatzeko data zehatz bat jartzea dirua bezain garrantzitsua da. Epe hori jarri izan ez balidate, egunerokotasunak jan egingo ninduen. Nobela bat idaztea gauza latza da, lan handia suposatzen baitu, eta familia, lana eta beste mila bizio dauzkazunean gogoa edukita ere ezin diozu behar bezala heldu. Orain, ordea, epe jakin bat jarrita sekulako erronka bilakatzen da, eta horixe eskertzen diot gehien lehiaketari.

Lanaren kalitate linguistikoa eta zure estiloa goraipatu ditu epaimahaiak. Zein ote da ba zure estiloa?

Ofizioz kazetaria naizenez, horretan landu eta zaildu dut nire estiloa. Hala ere, nik egiten dudan kazetaritza oso muga lausotan dabil. Ez da eguneroko kazetaritza, baina ezta literatura ere. Tartean dagoen zerbait da. Egunkarietan eta zutabeak idazten ditudanean, normalki ipuin joera izaten dute, eta askotan fikzioa ere izaten dira, nahiz eta errealitateaz mintzo naizen. Muga lauso horretan legoke, beraz, nire estiloa.

Elkarrizketa osoa, biharko Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkarian argitaratuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!