Donostiako Lurralde Auzitegiak ebatzi du Ertzaintza ez dela nor Tolosako Lizardi kultur elkartetik Pello Odriozola euskal presoaren aldeko kartela kentzeko; ez dela nor kartel hori kentzeko erabakia berak bakarrik hartu eta burura eramateko, diligentziarik eta ez auzibiderik ez dagoenean.
Nolanahi ere, auzitegiak Lizardi elkarteari ez dio eman baimenik preso hori 197/2006 doktrina aplikatuta giltzapean dutela salatzeko kartela balkoian edukitzeko, hori egitea ez dagokiola berari argudiatuta.
Tolosako Ertzain etxetik iritsi zen elkartera balkoiko kartela kentzeko agindua. Elkarteak auzitara jo zuen, adierazpen askatasuna urratzen zela salatuta. Auzitegiak arrazoia eman dio horretan.
Iñaki Azaldegi Lizardi Kultur Elkarteko kideak azaldu duenez, «pozik» hartu dute epaia: «Behartu gintuzten kartela kentzera eta orain erakutsi da hori ez dela bidezkoa izan. Epaiak erakutsi du gauzak gaizki egin zirela, adierazpen askatasunaren eskubidea urratu egin zela».
Bestalde, Donostiako Auzitegiak berriro kartela jartzearen inguruan «eskuak garbitu» egin dituela dio Azaldegik: «Kartela berriro jarriz gero, ez du ziurtatzen ezin denik agindua jaso kentzeko». Gauzak horrela, Lizardi kultur elkartean aurki bilera egingo dute epaiaren inguruan. Iñigo Iruin abokatua da gaia eraman duena epaitegietan eta bere iritzia jakin nahi dute aurrerantzean zer egin daitekeen ikusi eta horren arabera erabaki bat hartzeko.
«Bidegabekeria»
Kartelaren jartzearen kontua Pello Odriozolari Parot doktrina aplikautu ziotenean etorri zen. «Pellori 2008ko uztailaren 2an aske utzi behar zutela esana zioten», azaldu du Azaldegik. «Baina data hori irtsi baino pixka bat lehenago, zigorra 2018ra arte luzatuko ziotela esan zioten, hau da, beste hamar urte erantsiko zizkiotela, aurretik betetako 20 urte eta erdiri». Azaldegik gaineratu duenez, «bidegabekeria horren aurrean, elkarteko bazkideek batzarra egin genuen. Pello bazkidea da eta egoera horren aurrean, besteak beste, elkarteko egoitzaren balkoian kartela jartzea erabaki zen».
Kartela jarri eta urtebete pasatu ondoren, 2009an, jaso zuten Ertzaintzaren gutuna. Horren aurrean Lizardi kultur elkarteak auzitara jo zuen eta orain jaso du ebazpena. Hemendik aurrera, epaia jaso ondoren zer egingo duten erabaki behar dute elkartekoek. Bien bitartean, hilabeteko lehen ostegunetan elkarretaratzea egiten jarraituko dute, Tolosako udaletxearen aurrean, Pello Odriozolaren askatasuna eskatzeko.