TOPAk inoizko itxaron zerrenda handienak daudela salatu du

tolosa 2012ko abenduaren 18a

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak (TOPA) batzar irekia egin zuen Tolosako kultur etxean, larunbatean. Herritar asko elkartu ziren, eta aurrera begira jarraitzeko herritarrak benetan bizi den egoeraz

jabetzea behar-beharrezkoa ikusten dute.

Urtebete honetako TOPAren balorazioa «guztiz txarra» da. Tolosaldeko zerbitzuak, Gipuzkoako beste eskualdeetako zerbitzuekin alderatu dituzte, eta lantalde guztia kontuan hartu ezin izan badute ere, Tolosaldean, askoz langile gutxiago daude biztanleko. Lan postuak desagertzen edota gutxitzen doazela salatu dute, eta gainera, «inoizko itxaron zerrenda handienak daude», gaineratu dute.

Datuen arabera, «lantaldearen %53a falta zaio, eta hainbeste langile falta badira nola emango dute beste eskualdeetako zerbitzu bera?», diote. Anbulatorioan mantentzen dituzten espezialitateekin ere arazo berak nabarmendu dituzte.

2011ko azaroan kontzertu ekonomikoaren hitzarmena sinatu zuen, Osakidetzak, Asuncion klinikaren kudeaketaz arduratzen den Inviza enpresa pribatuarekin. Eskualdeari zerbitzu hobe bat emateko helburua adierazi zuten. TOPAko kideek argi adierazi dute egin beharreko hobekuntzak ez dituztela bete, eta eskaintzen den zerbitzua hobetu beharrean gero eta okerragoa dela: «Ez da hobetu, eta gainera, atzeraka goaz».

«Esperantza gutxi»

Eusko Legebiltzar berria osatu  berri da, baina TOPAko kideek, «osasun alorraz arduratuko den Jon Darpon nondik datorren jakinda» esperantza gutxi dute. Zerbitzu mistoa, hau da, pribatua eta publikoa uztartzen duena, bultzatuko dutela diote, eta «EAJk eta bere indar ekonomikoak, apustu garbia egin dute osasungintzatik etekina ateratzeko. Ez da izango publiko, doakoa eta guztiontzat den zerbitzua», ekarri dute gogora TOPAtik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!