Donostiako Lurralde Auzitegiak ebatzi du Ertzaintza ez dela nor Tolosako Lizardi kultur elkartetik Pello Odriozola euskal presoaren aldeko kartela kentzeko; ez dela nor kartel hori kentzeko erabakia berak bakarrik hartu eta burura eramateko, diligentziarik eta ez auzibiderik ez dagoenean.
Nolanahi ere, auzitegiak Lizardi elkarteari ez dio eman baimenik preso hori 197/2006 doktrina aplikatuta giltzapean dutela salatzeko kartela balkoian edukitzeko, hori egitea ez dagokiola berari argudiatuta.
Tolosako Ertzain etxetik iritsi zen elkartera balkoiko kartela kentzeko agindua. Elkarteak auzitara jo zuen, adierazpen askatasuna urratzen dela salatuta. Auzitegiak arrazoia eman dio horretan.