Tolosako Udalaren Berdintasuna eta Gazteria sailek bultzatuta, Leidorren hilaren 19an egingo den indarkeria matxistaren prebentziorako jaialdia, Hi Haiz, Hi! izenekoa, aurkeztu dute. Herriko hiru ikastetxeetako Batxiler II. mailako ikasleek antolatu dute, udalarekin batera, eta Beldur Barik kanpainaren barruan dago kokatua. Jaialdiaren helburu nagusia indarkeria matxistaren aurrean gazteek kontzientzia hartzea da. Bigarren helburu bat ere bada, ikasleek dirua biltzea beren ikasturte amaierako bidaiarako.
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako kanpaina da Beldur Barik. Miren Urkola Berdintasun zinegotziak esan duenez, "gazteekin egiten den ekimena da, beldurrik gabe bizitzeko aldarrikapena egiteko". Hi Haiz Hi! jaialdia prestatzeko hiru ikastetxeetako ikasketa buruekin bilerak egin ditu udalak. "Oso jarrera positiboa azaldu dute hiru ikastetxeetako ordezkariek", azaldu du Mikel Arreseigor Gazteria zinegotziak.
Lehen harremanen ondoren, hitzaldia egin zen hiru ikastetxeetan, "gazteek kontzientzia hartu, jaialdiaren garrantziaz jabetu, eta jaialdia aurkezteko", esan du Arreseigorrek. Astero koordinazio bilerak egin dira ikasleekin, jaialdiaren edukiak lantzeko. Bestalde, Box-A elkarteko Vanessa Alzate eta Ibai Luke sormen aholkularien laguntza izan dute. Hauek gazteekin bildu dira ostegunetan eta beraiekin kamisetak eta txapak landu dituzte jaialdian bertan salgai jartzeko.
Jaialdia 20:00etan hasiko da eta sarrerak bost eurotan erosi ahalko da. Bertan hainbat emanaldi izango dira: musika taldeak, abestiak, dantza ikuskizunak... Emanaldi horien arteko lehiaketa egingo da eta epaimahaia emakumeen taldeko kideek eta arte eremuko gazteek osatuko dute. Hiru aurkezle izango dira: Hirukideko Maialen Zubillaga, Laskoraineko Ane Aierbe eta Orixeko Josu Lekubide. Aurten Hi Haiz, Hi! hirugarren jaialdia izango da, eta lehen aldiz ez da disko jairik egingo. Aurkezpenean, jaialdira joateko gonbitea egin dute.
Ikasleen ordezkariek azaldu dutenez, "ikaskideak asko inplikatu dira eta jaialdiari garrantzia handia eman zaio". Indarkeria matxista lantzerakoan, hainbat hausnarketa jaso dituzte: "Indarkeria ez da bakarrik jotzea edo etxean tratu txarrak izatea, badaude beste indarkeria modu batzuk, eta horren kontzientzia hartu eta egunero gertatzen dela ohartzea izan da jaso duguna".