Frantziako justiziak Manu Azkarate tolosarraren Espainiaratzea onartu du. Frantziako Tolosako epaitegiak Azkarateren helegitea atzera bota du, eta Espainiaren estradizio eskaria ontzat hartu du. Manu Azkarateri gaur goizean jakinarazi dio albistea abokatuak. Tolosarraren esanetan, kasazio helegitea jarriko dio orain Tolosako epaitegien ebazpenari. Helegite berri hau, Parisen aztertuko dute, eta bertan erabakiko da Manu Azkarate Espainiaratua izango den edo ez.
Manu Azkaratek Tolosako epaitegiaren erabakia espero zuela azaldu du, eta orain, aurretik hilabete batzuk izango dituztela aurreikusten du, Parisek erabakia hartu bitarte. Azken erabaki hau, arrazoietan baino prozesuan oinarrituko dela azaldu du tolosarrak. Aurrez, Paueko epaitegiak bere aurkako estradizioa onartu zuenean, Pariseko epaitegiek prozesua bertan behera utzi zuten, forma akatsak argudiatuta. Orain, erabaki bera hartzea espero du Manu Azkaratek, nahiz eta ez den erraza izango.