Herritarrei parte hartzeko deia egin diete Tolosako XV. Elkartasun Krosean

tolosa 2012ko abenduaren 13a

Tolosan egiten den Elkartasun Krosa Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatu ohi dute, eta San Silvestre egunez, hau da, hilaren 31n izango da. Haurrei eta helduei zuzendutako lasterketa da.

Hamabost urte betetzen dituen urte honetan, Tolosako eta Tolosaldeko herritar guztiei lasterketan parte hartzeko eskatu diete antolatzaileek. Koldo Arsuaga Tolosako Udaleko zinegotzia, Iban Gallego Samaniego eta Orixe ikastetxeetako koordinatzailea eta Inma Esnaola Biblio-Mula proiektuko kidea izan ziren atzoko aurkezpenean.

Mailak, ibilbideak eta ordutegiak mantendu egin dituzte lasterketari dagokionean. Berrikuntzen artean, irteera puntua dago. Aurten, Plaza Zaharretik aterako dira korrikalariak, eta amaiera Zerkausian izango dute. Aldaketa honekin, Korreo kalera sartzerakoan hainbat haurrek izaten dituzten zailtasunak ekidin nahi dituzte: «Irteera zabalagoa da eta haurrak sakabanatuago iritsiko direla uste dugu bihurgunera, eta erorikorik ez izatea lortu nahi dugu», azaldu zuen Gallegok.

Iaz, haur eta helduen artean, 1.200 lasterkaritik gora izan ziren, eta kopuru hori hobetu egin nahi dute. Bost kilometroko ibilbidea herritar asko egin dezaketela adierazi zuten parte hartzera animatuz.

Hilaren 14tik 29ra, Aralar Kirolak dendan izena emateko aukera egongo da. Egunean bertan, Zerkausian ere eman ahalko da. Aldez aurretik izena emanez gero 6 euro ordaindu behar da, eta egunean bertan eginez gero, 10 euro. Haurrek doan parte hartzeko aukera dute XV. Elkartasun Krosean.

Helmugaratzen diren lehen 525 lasterkarientzat kamisetak izango dira. Kopuru hau ere handitu egin dute parte hartzaile gehiagorengana iristeko. Opari eta garaikurrez gain, gainera, parte hartzaile guztien artean afariak zozkatuko dituzte. Bi edo lau lagunentzako afariak izango dira.

Honelako ekimenek, bizi dugun krisi garai honetan zentzu gehiago dutela adierazi zuen Arsuagak: «Kirol emaitzak albo batera utzi, eta festa giroan elkartasun baloreak herritarrengan sustatzen egiten den lanagatik».

Lortutako dirua, Kolonbiara

Lasterketa honetan ateratzen den dirua, Kolonbiako haur eta gazteei laguntzeko izango da. Guabas errekaren inguruan bizi den komunitateko Biblio-Mula proiektuarentzat izango da, bertako ikastetxearekin baitago senidetuta Tolosako Samaniego ikastetxea. Bertako haurren eta gazteen hezkuntza eta baloreak hobetzen jarraitu ahal izango dute, beste urte batez. Lasterketa hau antolatzen duten guztiei eskerrak eman zizkien, Esnaolak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!