XV. Elkartasun Krosean herritarrei parte hartzeko deia egin diete

tolosa 2012ko abenduaren 12a

Gaur aurkeztu dute Tolosan egiten den XV. Elkartasun Krosa. Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatzen dute, eta San Silvestre egunez, hau da, hilaren 31ean izango da lasterketa. Koldo Arsuaga Tolosako Udaleko zinegotzia, Iban Gallego Samaniego eta Orixe ikastetxeetako koordinatzailea eta Inma Esnaola Biblio-Mula proiektuko kidea izan dira, aurkezpenean.

[/caption]

Haur eta helduei zuzendutako lasterketa da. Hamabost urte betetzen dituen urte honetan, Tolosaldeko herritar guztiei lasterketan parte hartzeko eskatu diete antolatzaileek. Bost kilometro baino ez direla nabarmendu dute.

Berrikuntzen artean, irteera puntua dago. Aurten, Plaza Zaharretik aterako dira korrikalariak, eta amaiera Zerkausian izango da. Aldaketa honekin, Korreo kalera sartzerakoan hainbat haurrek izaten dituzten zailtasunak ekidin nahi dituzte. "Sakabanatuago iritsiko direla uste dugu bihurgunera, eta erorikorik ez izatea lortu nahi dugu", azaldu du Iban Gallegok.

Iaz, haur eta helduen artean, 1.200 lasterkaritik gora izan ziren, eta kopuru hori hobetu nahi dute. Hilaren 14tik 29ra, Aralar Kirolak dendan izena emateko aukera egongo da. Egunean bertan, Zerkausian eman ahalko da. Aldez aurretik izena emanez gero 6 euro ordaindu beharko da, eta egunean bertan 10 euro. Haurrek doan parte hartzeko aukera dute.

Helmugaratzen diren lehen 525 lasterkarientzat kamisetak izango dira. Eta parte hartzaile guztien artean afariak zozkatuko dituzte.

Lasterketa honetan ateratzen den dirua, berriz, Kolonbiako haur eta gazteei laguntzeko izango da. Biblio-Mula proiektuarentzat izango da, bertako ikastetxearekin baitago senidetuta Tolosako Samaniego ikastetxea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!