Compañeras de viaje izenburupean, latinoamerikako zazpi emakume etorkinen bizitza islatuko du, gaur, 19:00etan, Tolosako kultur etxean eskainiko duten dokumentalak. SOS Arrazakeria taldeak antolatu du saioa, Mundu bat Tolosaldean egitasmoaren barruan, eta sarrera doakoa izango da.
Zazpi emakume dira protagonistak, eta guztiak ere, Gipuzkoan bizi dira gaur egun; etxeko lanetan aritzen dira batzuk, eta adineko pertsonak zaintzen besteak.
http://www.youtube.com/watch?v=WqpIjNTkFWM&feature=youtu.be
Horrela, Oskar Tejedor zuzendari legazpiarrak, emakume hauek euren herrialdetik honaino etortzeko prozesu horretan izandako arazoak helaraztea izan du helburu, lan honetan: «Filmeko istorioa, funtsean, emakume hauen eta beren familien arteko elkarrizketa bat da; urruneko amatasuna, nolabait. Dituzten arazo ekonomikoei aurre egiteko inbertsio modukoa da honaino etortzea, baina bide horretan, ahal duten bezala aurre egiten diote seme-alabak eta eta bikoteak beren herrian utzi izanari», dio Tejedorrek.
Dokumentala egiteko eskaera Bidez Bide elkarteak egin zion zuzendariari, eta helbururik behinena Europaren idealizazioa puskatzea, emigrazioarekin loturiko arazo azaleratzearekin batera.
Aipatzekoa da, dokumentalaren proiekzioa amaitu eta gero, eztabaida izango dela, gaztelaniaz. Bertan, etorkinak diren emakume latinoamerikarrez ariko dira: migrazio prozesua nahiz urruneko amatasuna. Halaber, emakume etorkinok gaur egun bizi diren herrialdeetako emakumeen bizimoduarekin alderatuko dituzte.