Ekitaldiz beteriko asteburua izan da iragan berri dena Tolosan. Tolosako Udalaren eta Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkartearen eskutik Txuletaren Festa izan da ostegunetik igandera, adin eta gustu guztietako hamaika ekintzekin, eta eguraldiak gutxi lagundu arren, herritar nahiz kanpoko, jende ugarik parte hartu du batean zein bestean.
Ostegunean ezohikoak diren hainbat ekintza izan ziren. Berazubi estadioan aeromodelismoa eta itsasmodelismoaz gozatzeko aukera izan zen gaztetxo eta ez hain gaztetxoen gozamenerako. Halaber, trenez herrigunea zeharkatzeko aukera izan zen, eta nahi zuenak mokadutxoa hartu ahal izan zuen Zerkausian.
Zerkausian bertan, urteroko Txuletaren Festaren barruan, bazkari eta afariak eskaini dituzte, herriko erretegien eskutik, ostiraletik igandera. 140-150 lagun inguru izan dira bazkaltzen, eta zertxobait gutxiago afaltzen. Herritarrak eta eskualdekoek edota kanpotik bereziki hitzordu honetara etorriak, denetarik topa zitekeen.
Aurtengo berrikuntza, bestalde, Euskal Herria plazan larunbatean eginiko festa izan da. Goiz osoan ganadu azoka izan zen bertan, trikiti doinuek alaiturik, eta sagardo dastaketa ere egin zuten, arkupeetan. Jai giroak herri bazkarian jarraitu zuen, eta festa biribiltzeko hiru idi pareren arteko dema izan zen ikusgai arratsaldean. Hori ere, ezohiko ikuskizuna izaki, jende ugari gerturatu zen plazara ikustera.
Bada, bateko eta besteko ekitaldiek bultzatuta, jende ugari izan da Tolosan egunotan, bai udalak bai eta merkatariek zuten bizitasuna emateko xedea betez.