50 lanpostu sortuko ditu Tolosako Udalak, 2013an

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko abenduaren 5a

24.787.695 eurokoa izango da, 2013rako udalak izango duen aurrekontua

[/caption]

Gaur aurkeztu dituzte, udal gobernuko kideek, 2013ko aurrekontu proposamenak, eta gizarte zerbitzuetara nahiz garapen ekonomikora bideratuko dute aurrekontuaren zatirik nabarmenena. Besteak beste, herritarren larrialdiei erantzuteko diru poltsa handituko dute %40ean, eta sei hilabeteko 50 lanpostu sortuko dituzte, enplegu programa berri baten bitartez.

Ibai Iriarte alkatearekin batera, Lore Agirre eta Inaki Irazabalbeitia izan dira agerraldian, eta "inbertsioetarako gaitasuna asko jaitsi" dela azpimarratu nahi izan dute. Halaber, Espainiako Gobernuak dekretu bidez harturiko erabakiak nahiz murrizketak ere hizpide izanda, "udalaren autonomia erasotu" egiten dutela nabarmendu dute, eta "Euskal Herriaren subiranotasun falta" agerian geratzen dela.

Dena den, eta 2013ko aurrekontuei begira, irizpide nagusia bat izan dela azaldu dute udal gobernuko kideek: "Politika egiteko beste modu batekin sinetsiz, oinarria gizartea dela uste dugu, eta gizartean inbertitu nahi dugu". Horretarako, ordea, Tolosako Udalak diru-sarrerak behar dituela argi azaldu dute; ordenantza fiskalen bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak fiskalitate arloan hartutako neurriekin, 2012an adina diru sarrera izango dituztela bermatu dute. Honenbestez, 24.787.695 eurokoa izango da, Tolosako Udalak 2013rako izango duen aurrekontua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!