Etxe kaleratzeak bertan behera uzteko eskatu du Tolosako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 30a

Bildu-Aralar udal gobernuak aurkeztutako mozioa onartu zuten astearteko osoko bilkuran

«Etxe kaleratze guztiak, denbora mugagabean, bertan behera uzteko» eskatu du Tolosako udal gobernuak, mozio baten bitartez.  Besteak beste, «etxebizitza eskubide soziala» dela argudiatuz, eta etxe kaleratzeetan «gizarte osoaren arazoa» dela defendatuz, legediak aldaketaren bat jasan beharko lukeela uste dute Bilduk eta Aralarrek.

Barakaldon bere buruaz beste egin zuen Amaia Egañaren kasua hizpide izan zuen mozioak, eta honen ondoren Espainiako Gobernuak idatzitako dekretua «eskasa» dela azaldu zuten udal gobernuko kideek: «Kaltetuen zati txiki baten egoerari eragiten dio, eta ez dio arazoari benetako konponbiderik ematen» .

Horrela, beraz, Bildu eta Aralarreko zinegotzien botoekin onartu zuten mozioa; EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen gai beraren inguruan, eta besteak beste, legediarekin loturiko aldaketak proposatu zituzten.

Eskubide sozialen alde

Udal gobernuak aurkeztutako mozioak, etxe kaleratze guzti-guztia, denbora mugagabean, bertan behera uzteko eskaria egiten du; halaber, alokairu erregimenean gertatzen direnak ere bertan behera uztea eskatu dute.

Izan ere, «etxebizitza eskubide soziala» dela defendatuz, «erakundeek bitartekaritza lana egin beharko lukete alokairu sozialaren bitartez», beren arabera. «Interes ekonomikoak gizakien gainetik jartzen dira, eta alderantziz izan beharko luke», azpimarratu zuen alkateak.

Horregatik, finantza erakundeek hutsik dituzten etxebizitzak erakunde publikoen esku uztea ere eskatu du udal gobernuak, hauek alokairu sozialaren bidez herritarren esku jartzeko.

Bide beretik, etxe kaleratzeak saihesteko, finantza erakundeekin harremanetan jartzeko konpromisoa hartu dute mozioaren bitartez, «informazio faltari aurre eginez». Aipatzekoa da, Ibai Iriarte alkateak duela bi aste inguru dekretu bat sinatu zuela. Ondorioz, banketxeek etxe kaleratze bat gertatu baino bi aste lehenago jakinarazi beharko diote, Tolosako Udalari, guztia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!