1920ko sentsualtasunaz kontaturiko amodio istorioa, ‘Blue Bird’ emanaldian

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 28a

30. Titirijaiko gaiari jarraituz, eta Joan-etorriko txotxongiloak oholtzara igoz, Anita Maravillas konpainia euskaldun-txiletarrak Blue Bird ikuskizuna eskainiko du, bihar eta etzi, Tolosan. 11:00etan eta 14:00etan izango dira emanaldiak, Leidor aretoan, eta ikasleei zuzendutako saioak izango dira laurak.

[/caption]

2005. urtean sortu zen, Bartzelonan, Anita Maravillas konpainia. Miren Larrea amorebietarra eta Valentina Raposo txiletarra izan ziren sortzaileak, eta biek ala biek, antzerkiarenganako eta txotxongiloenganako grina izan zuten abiapuntu. Gerora, Elorrioko Iam Agorria eta Bartzelonako Mireia Nogueras hasi ziren eurekin lanean, eta ondorioz, hainbat jatorri eta kulturetako jendea elkartu ziren.

Konpainiako kideek, ordea, jatorriari baino, garrantzia handiagoa ematen diote, elkar-ulertze horri: «Norberaren jatorriaz haratago, zailena, komunikatzerakoan eta sortzerakoan gustura sentiarazten zaituen jendea aurkitzea da. Eta hori aurkitzen duzunean, ezin diozu alde egiten utzi; oso aberasgarria da. Honek edozein muga gainditzen du, eta honek batzen gaitu», azaldu du Valentina Raposok.

Amodio istorio bat

Blue Bird ikuskizuna 20ko hamarkadako sentsualtasuna duen maitasun istorio bat da, eta abenturak ere badira tartean.

Gainera, Raposok azaldu duenez, ikus-entzuleen zentzumenek lan egin beharko dute saioan zehar: «Zentzumenez beteriko ikuskizuna da, ia testurik ez baita gidoiean».

 

Valentina Raposo, Anita Maravillas konpainiako kidea

«Txotxongiloen itxura helarazten ari zaren mezuaren zati da»

Lehenago ere izandakoak dira Tolosako Titirijai jaialdian, Anita Maravillas konpainiako kideak. Euskal Herrian hamaika saio eskaintzen dituztela nabarmendu du Valentina Raposok, eta gaur eta bihar ariko dira Leidorren.

Ikusle guztiei zuzenduriko saioak prestatzen dituzte, eta metafikzioa, antzerkia antzerkiaren barruan, lantzea gustuko dute. Horrez gain, antzerki taldeko kideek euren tailerrean sortzen dituzte, gero oholtzara igotzen dituzten txotxongiloak.

Txotxongilolari eta txotxongiloaren arteko harremana asko lantzen duzue, zergatik?

Gure ustez txotxongiloekin egindako antzerkia horrekin jolasten du hasieratik, eta antzerki mota honetako hizkuntzaren zatia da hori; txotxongiloa beti txotxongidoilariak mugitzen du, edo alderantziz. Joko hau oso poetikoa da, eta metaforaz betea, eta oso interesgarria zaigu guri.

Horretarako meta-fikzioa darabilzue.

Adibidez, aktore bat txotxongiloa mugitzen ari denean, bat-batean, txotxongiloa bera konturatu egiten da, eta begiratu egiten dio aktoreari. Horrelako gauzekin jolasten dugu askotan. Une batez, azaltzen ari garen horretatik irteten gara, eta gehienetan gag laburrak besterik ez dira izaten; beste batzuetan, berriz, istorioa bera horrelakoez beterik sortzen dugu.

Zein da haurrei edo helduei begirako emanaldiak prestatzearen arteko desberdintasuna?

Ez zaigu gustatzen haurrentzako antzerkia bakarrik egitea, eta 'ikusle guztientzat' kontzeptua egokiagoa dela uste dugu. Baina helduen ikuskizunei dagokienez, batez ere, gaiak eta erabiltzen dugun hizkera izaten dira desberdintasuna markatzen dutenak. Adinagatik, haurrek zenbait gauza ez lituzkete ulertuko.

Eta txotxongiloak haurrentzako direla diotenei zer esango zenieke?

Etor daitezela, eta harritu daitezela. Dena den, normalean helduak bertaratzen dira gure ikuskizunetara, eta gure helburuak betetzen ditugula uste dut, izan ere, haurrek bezainbeste gozatzen dute.

Erabiltzen dituzuen txotxongiloak zuek sortzen dituzue.

Tailer bat dugu. Oso gustukoa dugu eraikitzea, eta, azken finean, txotxongiloen itxura, helarazten ari zaren mezuaren zati dela uste dugu. Hori ere ikuskizunaren zati da. Gainera, panpinak asko lantzen saiatzen gara, eta estetikaren aldetik lanordu luzeak eman dizkigu horrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!