«Herritarren babes judizial eraginkorraren eskubidea urratzen du lege honek»

Ataria 2012ko azaroaren 28a

Garbiñe Biurrun, Epailea

Espainiako Gobernuak tasa judizialen zenbatekoa igotzeko legea onartu du. Ondorioz, aurrerantzean, lehen ez bezala, lantegiek eta herritar guztiek ordaindu beharko dute justizia erakundeetara jotzeagatik, eta lehen baino nabarmen gehiago, gainera.

[/caption]

Epaileek, abokatuek, fiskalek eta prokuradoreek bat egin dute lege honek herritarren eskubideak murriztuko dituela esatean, eta atzera egin, eta bertan behera uzteko eskatu dute. Garbiñe Biurrun (Tolosa, 1960) Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko magistratuaren arabera, «lege honek justiziara jotzea oztopatzen du».

Zer da lege berriaz nabarmenduko zenukeena?

Bi arlo aipatuko nituzke: batetik, tasa beraren kopurua, oso altua baita une honetan. Bestetik, lan arloan, tasarik ez zegoen arlo batean, orain ezarri egin dutela.

Zein kopuruz ari gara hitz egiten?

Tasaren kopurua 100-150 eurokoa da hainbat prozedura edo auzitarako, eta gehienez 1.000 eurotik gorakoa izan daiteke, Auzitegi Gorenera jo ahal izateko. Beraz, pentsa epaitegietara jotzeko sartzen diren zailtasunak.

Ze neurritan igo da kopurua?

Lehen oso kopuru txikia zen. Lan arloan, esaterako, gordailu bat zegoen, baina, langileek ez zuten ordaindu beharrik izaten, soilik enpresek edo enpresa buruek, helegiteak aurkezteagatik. Kopuru hori, gainera, berreskuratu egiten zuten irabaziz gero. Gaur egun, irabazi edo galdu ordaindu egin behar da, eta baita langileek ere.

Zein izan daiteke herritarrengan eragina duen kasu arrunt bat?

Dibortzioak, esaterako. Une honetan 300 euroko tasa bat ordaindu behar da epaitegian lehenengo tramiterako. Horri helegitea jarri nahi izanez gero, 800 euro ordaindu beharko dira, eta Auzitegi Gorenera jo nahi bada, beste 1.200 euro. Lehen, berriz, oso kopuru txikia izaten zen.

Badago, ordea, doako justiziaren onura.

Doako justizia lortzen baduzu, ez duzu tasarik ordaindu behar, ez arlo zibilean, ez lan arloan ez eta inon ere. Horretarako, tramitatu egin behar da. Hau abokatuen elkargoetan tramitatzen da, eta nire ustez orain pilaketa handi bat emango da, jende askok egin nahiko baitu eskaera. Lehen ere, abokatua doan izateko eskubidea zenuelako jende askok jotzen zuen onura honetara, baina orain nabarmen areagotuko da.

Onura hori izateko zer baldintza bete behar dira?

Baldintza ekonomikoak hartzen dituzte, batez ere, kontuan. Lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza baino gutxiago izan behar dute diru sarrerek. Familia unitatea osatzen duten pertsonen ezaugarriak ere hartzen dituzte kontuan.

Ze helbururekin onartu dute tasen legea?

Helburua ekonomikoa da, baina bi xede ditu. Batetik, dirua biltzeko, lege aldaketa honekin askoz ere diru gehiago jasoko baitute. Bestetik, epaitegiei lana kenduko zaie, izan ere, zenbatuta dago tasa hauek ezarrita auzi gutxiago egongo direla, eta helegite gutxiago jarriko direla.

Epaileak lege honen aurka azaldu zarete, eta gutxitan ez bezala, epaitegien atarietan elkarretaratzeetan ikusi zaituztegu.

Guztiz kontra gaude. Epaileen aldetik esan dezakegu ia aho batez izan dela lege honen aurkako erantzuna. Oso bitxia den arren, epaileen elkarte guztiek bat egin dute. Epaileak askotan, korporatibistak izan daitezke, baina kasu honetan inolako korporatibismorik gabe elkartu dira denak, aurka azaltzeko. Fiskalek, epaileek, abokatuek, eta arloko profesional guztiek egin dute bat.

Zer salatu duzue?

Pertsonen eskubideak murrizten dira, babes judizial eraginkorra murrizten baita. Oztopo eta zailtasun handiak jartzen zaizkie herritarrei justiziara jotzeko. Bestalde, abokatuak, eta beste profesional guztiak kezkatuta daude beraien lana ere jaitsi egingo delako.

Legez kanpokoa dela aipatu duzue.

Espainiako konstituzioak aitortzen duen babes judizial eraginkorraren eskubidea urratuta dago lege honekin, eta aztertzen ari dira Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzea.

Uste duzu protesten ondorioz Espainiako Gobernuak atzera egingo duela?

Atzera erabat ez dute egingo, baina, agian aldaketaren bat egin dezakete. Tasen kopurua jaistea onartuko genuke orain denok. Dena den, oso bitxia izango litzateke, onartu eta gero boletinean dagoen zerbait, aplikatu ere egin gabe, erreformatzea.

 

Justizia gisa horretan ukituko zutela espero al zenuen?

Ez. Inork ez zuen horrelako jarrerarik espero.

Nola funtzionatzen du justiziak beste lurraldeetan?

Egia da beste lurraldeetan tasa handiak ordaintzen direla, eta, egia da, baita ere, Espainian ohitura handia dagoela edozein arazo auzitaratzeko, batez ere, orain arte ia doakoa izan delako. Baina, hori gertatzen da ez dagoelako beste bide eraginkorrik arazo edo gatazkak konpontzeko, eta orduan, gure eskubideak urratuak daudela iruditzen zaigunean epaitegietara jotzera derrigortuta gaude. Beste hainbat lekutan bezala, bitartekaritza moduko bideak erabili beharko lirateke.

 

«Zorpetze aukera mugatzean dago gakoa»

Espainiako Gobernuak etxe kaleratzeen aurka onarturiko dekretua indarrean da. Babesa jasotzeko, jarritako baldintza ekonomiko guztiak bete beharko dira, eta lortzen dutenei ez diete bi urtean etxetik botako. Baina, kaleratzea atzeratu baino ez du egiten dekretuak, eta ez da etxea berreskuratzeko aukerarik izango. Neurri hori adabaki bat baino ez dela, eta  konponbidetik urrun dagoela esan dute PP ez beste alderdiek.

Zertan aldatu du egoera Espainiako Gobernuak onarturiko dekretuak?

Lege erreforma labur bat da. Etxe kaleratzeak atzeratzen dira, baina, ez da beste ezer lortzen. Izan ere, mailegua uneren batean ordaintzerik ez duenak, bi urteko atzeraldia izan dezake, eta bi urteren buruan, interesak pilatu zaizkion maileguarekin jarraitu beharko du ordaintzen. Beraz, arazoak bere horretan jarraitzen du lege honekin.

Zer egin beharko litzateke?

Kaleratzeei aurre egiteko, lehendabizi ordainetan etxea bera ematea onartu beharko litzateke, hau da, bankuari edo kutxari etxea ematea, eta horrekin zorra erabat kitatzea. Hori ez dago legedian aurreikusita, eta gertatzen dena da, etxearekin enkantean lortzen den balioarekin ez bada zorra kitatzen, zorraren zati bat mantentzen dela. Beraz, etxea galdu eta zorraren zati batek bizirik jarraitzen du; egoera absurdo bat ematen da.

Eta, maileguei dagokienez?

Higiezinen gainbalorazio bat egon zen, eta horren araberako maileguak eman ziren, batere mugarik eta neurririk gabe. Gaur egun etxe horien balioa nabarmen jaitsi da. Hor dago gakoa. Beste erreforma bat behar da, askoz ere sakonagoa, mailegua kontrolatuko duena. Pertsonen eta familien maileguak ezartzeko eskubidean muga batzuk jarri beharko lirateke. Maileguen intentsitatea txikiagoa izango litzateke horrela. Frantzian, Alemanian, Italian edota Belgikan horrelakoak zehazten dira. Horrela bermatzen da familia baten zorra ez dela inoiz oso altua izango, eta etxebizitzen prezioa askoz ere baxuagoa izango da, zorpetze aukera mugatuz gero, prezioek derrigor baxuagoak izan behar baitute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!