Herritarrek euskaraz bizitzeko hautua egiteko, festa eta sentsibilizazio eguna izango da larunbata

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 27a

Euskaraz Bizi! eguna antolatu dute, larunbat honetarako, Tolosako bost eragilek. Galtzaundi Euskara Taldea, Lizardi Kultur Elkartea, Oargi Elkartea, Bai Euskal Herriari eta Tolosako Udala elkarlanean aritu dira, festa eta sentsibilizaziorako bidea irekitzea helburu duen eguna antolatuz.

Goizeko 11:00etan hasiko dira jarduerak, Eskerrak Zuri aipamen berezien banaketarekin. Tolosako udaletxeko batzar aretoan ospatuko dute ekitaldia, eta Mapi grabatuak, Txapin Festa eta euskarara hurbildu diren norbanakoak omenduko dituzte aurten. Jarraian, festa hasiko da, eta Tontokalen pintxoak eta sagardoa izango dira eskuragarri.

Bazkaria ere izango da Plaza Berrian, eta bertsolaritza eta komikia uztartuko dituzte bazkalondoan, Dani Fanok eta Adur Larreak. Bazkarirako txartelak Raku, Xirimiri, Denak eta Eguzki tabernetan erosteko aukera dago, eta baita Galtzaundin bertan ere. 12 euroko prezioa izango dute, eta langabetuek, berriz, 8 euro ordaindu beharko dute.

Aldarrikapenak ere izango du, ordea, tarterik, eta Kontseiluak Donostian deituriko manifestaziorako autobusak antolatu dituzte bost eragileek. 16:30ean Larramendiko autobus geltokitik irtengo da autobusa, eta zerrendak bazkari txartelak salgai dauden leku beretan daude.

Azkenik, eta eguna borobiltze aldera, poteoa izango da iluntzea, Oargi txarangarekin. Halaber, Plaza Berrian kontzertuak izango dira gauean: Wainot, 3gabe2 eta DJ Little Martin Selektah.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!