Laskorainek 4-4 berdindu du Tolosalaren aurka

tolosa 2012ko azaroaren 26a

Gorka Amatrain

Beste behingoz eta eskualdeko areto futbolak bizi duen osasun onaren seinale, txantxarako lekurik lagatzen ez duen Hirugarren mailak aurten eskainiko dituen derbi anitzen arteko beste aurrez-aurreko talka bat baimendu zuen joan den larunbatean Usabalgo kiroldegian Laskorain K.E. eta Tolosala Hirukide taldeen eskutik.

Hirukidekoak sekulako denboraldia betetzen ari dira eta sailkapeneko bigarren postuan zirelarik eman zioten hasiera neurketari, Aitorren mutilen bidean kolore eta forma guztietako zailtasunak aurkituko zirenaren ziurtasuna bermaturik zegoen eta kontzentrazioz beterik ekin ezean, porrota jasotzeko aukerak erabatekoak izango ziren.

Lehen minutuen jabetza Tolosalakoena izan zen ezbairik gabe, baina Endikaren geldituek markagailua berean mantendu zuten eta filialeko Zumetak birritan asmatu ostean 2-0 aurreratu ziren etxekoak estreinako sentsazioei itzulipurdia emanaz. Aurkariak aldea murriztu arren Alonsoren sareratzeak 3-1-ekoa ipini zuen elektronikoan, baina atsedenaldiaren aurretik berriro estutu zen markagailua, aldageletarako bidean 3-2-ko zirraragarri batek aukera guztiak airean mantentzen zituelarik oraindik ere.

Bigarren zatian Hirukidekoek beste martxa bat sartu eta bi golekin balantza 3-4-koraino kontrako alderantz desorekatu ondoren, azken asteetako mamuak suspertzeko osagarri guztiak azaldu ziren berriro. Dena den, Bellosok ezarriko zuen 4-4-koa etxekoek ondo eramandako kontraeraso bati bukaera emanaz. Hurrengo minutuek abagune ugari eskaini zituzten, eta horitxoek atezain jokalariarekin ere saiakeraren bat edo beste egin arren, emaitzak zurrun iraun zuen amaiera arte.

Etxebe eta Jonikoren baja garrantzitsuak jasanagatik ere, maila ona ematen jakin zuen Laskorainek bere zaletuen aurrean, beste behingoz bigarren taldean isiltasunez eginiko lan paregabea bere fruituak loratzen ari da eta horren erakusgarria da bai Zumeta eta bai Vazquezek azalduriko maila.

Datorren astean Bilbora bidaiatu beharko dute ikastolakoek Bilbo C.F.S-ren aurka jokatzeko, denboraldi bikaina betetzen ari dira bizkaitarrak eta saihestu beharreko oztopo korapilatsua izango da ezbairik gabe.

Larunbatean Usabalen Javi delegatua, Javi “coach manager”-a, Aitor entrenatzailea, Endika, Gil, Murgi, Ekhi, Vazquez, Zumeta, Belloso, Telleria, Alonso eta Saralegi izan ziren.  Bigarren taldeari dagokionez, Santxoren taldeak 4-3 galdu zuten Zurt tabernaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!