Ahora! Halaxe aurkeztu dute datorren urteko urriaren 6an Tolosan ospatuko den Kilometroak jaiari izena emango dion leloa.
Laskorain ikastolaren ardura izango da KMK 2013 antolatzea, eta Leidor aretoan aurkezpen jaialdia prestatu dute horretarako. 18:00etako saioan antzokia goraino bete den bezalaxe, 20:00etakorako ere sarrera guztiak agortu dira. Zalantzarik gabe, tolosarrak leloa eta logoa ezagutzeko gosez ziren.
Saio umoretsua prestatu dute azken asteotan Laskorain ikastolako kideek, eta irakasleak antzezle eta modelo lanetan jartzeaz gain, ikasleek ere arropak erakutsi dituzte, eta dantza, txaranga eta beste hamaika kontu izan dira taula gainean.
Bihar bertan zabalduko dute, Tolosako Korreo kalean, 2013ko Kilometroetako arropa eta materiala eskuratzeko denda, eta astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik.
Euskara erabiltzearen hautua
Jone Urteaga eta Unai Igartuak azaldu zuten bezala, "leloa ausarta eta oso-oso zuzena" da, eta erabilerari estuki lotua. Kilometroak 2013ko antolatzaileek, azken urteotako hizkuntza neurketak hizpide izan dituzte, eta hausnartzeko modukoak direla nabarmendu dute: "Euskararen ezagutza igo egin dan, baina erabileraren datuak ez".
Horrela, beraz, "bihotzean izateaz gain, euskara ahoan" ere izateko deia zabalduko dute, urte osoan zehar, lau haizetara: "Gelan eta patioan ahora, bihotzetik ahora, seme-alabekin ahora, ligatzerakoan ahora,... Euskara, ahora!".