"Idatzi honen bidez, Eko Tolosako Langileen Asanbladak enpresaren jarrera inposatzailea salatu nahi du.
Ez da lehen aldia, salmenten jaitsiera eta egoera ekonomikoa dela eta, enpresak soldatak murriztea proposatzen digula. Oraingo honetan berriz, Espainiako estatuak onartutako erreformak erabiliz, muturreraino eraman nahi duela dirudi.
8 ordura lan egin eta 1000 euroko soldatak edukitzea nahikoa prekarioa ez balitz bezala, orain gainera, soldatak %15 jaitsi nahi dizkigute. Lanaldi berdina, soldata baxuagoarekin. Gero eta presio gehiago, langileak isilik gera gaitezen. Udako paga extra ere ez dugu kobratu eta ez dakigu ordainduko diguten ere. Eta hori gutxi ez balitz, langileren bat kaleratuko ote duten esaten digute.
Baina Eko Tolosako langileok ez dugu horrelako jarrera inposatzailerik onartuko, ez eta inongo soldata jaitsierarik onartuko ere.
Enpresak adostasunetara iritsi nahi badu, garantia minimo batzuk eman beharko ditu. Enpresak bermatu behar du ez dizkigula berriz soldatak jaitsiko, edota ez duela inongo langilerik kaleratuko. Horrelakorik bermatzen ez digun bitartean, ez daukagu zer hitz egin.
Eko Tolosako langileok borrokan jarraituko dugu gure eskubideen alde".
Eko Tolosako langileak.