Antton Izagirre tolosarra, Kutxako administrazio kontseiluko kide izateko hautagai

tolosa 2012ko azaroaren 20a

Bihar berrituko dituzte Kutxabank osatzen duten hiru kutxetako administrazio kontseiluak, eta Antton Izagirre Tolosako alkate ohia da Kutxako kontseiluko kide izateko hautagaietako bat. Lehia bizia izango da, ordea, eta liskartsua. EH Bilduk dio bera baztertzeko ahaleginetan ari direla EAJ, PP eta PSE; salatu du bat egin dutela koalizio abertzaleak gehiengorik lor ez dezan. Horrek. udal ordezkarien kasuan, berdinketa ekar dezake bozetan, eta lehian jar ditzake Antton Izagirre eta Jacobo Caparros (PP), Madrilgo alkate Ana Botellaren ildoko hautagaia.

Horren harira, EH Bilduk Kutxan egiten ari diren "iruzur ikaragarria" salatu. Izan ere, itxura guztien arabera, EH Bilduk eta EAJ-PP-PSOE koalizioak osatutako hautagaitzak parekatuta daude; bi aldeek administrazio kontseiluak zazpina ordezkari lortzea espero da. Administrazio kontseiluak, ordea, hamabost eserleku ditu, eta gizarte eragileen hautagaitzan zuen jarria esperantza EH Bilduk, bere aldeko botoa emango zuelakoan. Hautagaitza hori atzera bota du Kutxako hauteskunde batzordeak, ordea; izan ere, hautagaitza horretako ordezko hautagaiak 72 urte dituela argudiatu du, eta hori ezarritako adin mugatik gora dagoela. EH Bilduk dio, ordea, hautagaitza baliogabetzeko motiborik ez legokeela; adin muga administrazio kontseiluko kideei ezartzen zaiela esan du, ez ordezkoei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!