Manu Azkarateren aurkako epaiketa asteartean izan zen Frantziako Tolosako epaitegian. Epaileak erabakia abenduaren 13an hartuko duela jakinarazi zion Azkarateri. Tolosarraren esanetan, hiru aukera daude: «Euroa gindua onartzea; guri jaramon eginaz erabakia atzeratzea, edo aske uztea, Espainiaren eskaria atzera botaz».
Espainiako justiziak eskatuta atxilotu zuen Frantziako poliziak Manu Azkarate, martxoan Lapurdin, ETArekin lotura izatea egotzita. Bere aurkako euro agindua epaitegiek aztertzen zuten bitartean, aske gelditu zen tolosarra. Estradizioaren inguruko lehen epaiketa Pauen egiten hasi ziren, baina uda hasieran bertan behera gelditu zen. Orain bigarren saiakerari ekin diote, Frantziako Tolosa herriko epaitegietan. Bertan, Espainiaratzearen inguruko lehen saioa asteartean izan zen.
Epaiketan Manu Azkarateren defentsak alde batetik, tolosarrari mediku azterketa egitea eskatu zuen, gaixotasun kroniko bat baitu Azkaratek. Bestetik, Espainiaren eskariak forma akatsak dituela azaldu zuen, dokumentuak falta direlako. Defentsari arrazoia emanez gero, epaiketa atzeratu egingo litzateke.
Abenduaren 13ko erabakia tolosarraren aurkakoa izango balitz, Azkaratek Parisko tasazio epaitegian helegitea jartzeko aukera izango luke. Epaia fax bidez bidaliko diote Azkarateren abokatuari. Ondoren, hilabeteko epean, modu ofizialean jasoko du epaitegien erabakia.