Xabier Olarra: "Al Aswaniren obrak lehenbailehen leku bat izan behar zuela gure bildumetan ikusi nuen"

Ataria 2012ko azaroaren 13a

Xabier Olarra tolosarrak gaur, 19:00etan, jasoko du Euskadi literatura saria.

Itzulpengintzako Euskadi Literatura saria eskuratu du, Arantzazu Royorekin batera. Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina lana (Igela) itzultzeagatik jasoko dute 18.000 euroko saria. Koran liburuaren ondoren, arabieraz idatzitako libururik irakurriena da Jakobian eraikina.

Biharko Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariaren alean, Xabier Olarra idazle eta itzultzailearen elkarrizketa irakurri ahal izango da.

Euskarazko literatura itzulpenagatik saria jaso duzue, beste 28 lanen artetik. Nola hartu zenuen berria?

Batetik, harridura dezenterekin. Izan ere, 28 lan aurkeztu baziren –eta nik ez nekien zenbat ziren aurkeztuak--, zergatik pentsatu behar duzu zuri eman behar dizutela saria. Finalistak hor egoteak ere horixe adierazten du: zuri eman dizuten bezalaxe eman ziezaieketen beste horiek. Eta epaimahai batek zer egin dezakeen ez dago jakiterik. Guri, Philippe Claudel –Brodecken Txostena, Itziar Diez de Ultzurrunek itzulia eta igelak argitaratua, nobela gisa Jakobian eraikina adina gustatzen zitzaigun, edo are gehiago, baina, lehen esan bezala, auskalo zergatik aukeratu duen Jakobian eraikina, eta ez Brodecken txostena.Guri kasu honetan gertatu zaigu Philippe Claudelen beraren azken nobelaren  promozio-xingolan dioena (Ikerketa, igela 2012): C’est en ne cherchant pas que tu trouveras. Bila ez ibiliz aurkituko duzu, alegia. Gu ez gara sariaren bila joan, baina, etorri denez gero, Arantzazu eta biok pozik gaudela ezin ukatu. Eta ez sariak emango digun diruagatik, baizik eta bestelako arrazoiengatik, batez ere.

Nolatan aukeratu zenuten Jakobian eraikina itzultzeko?

Orain dela 10 urte argitaratutako nobela da. Nik orain dela hiruzpalau urte irakurri nuen gaztelaniaz. Orain dela urte pare bat Mohamed Xukri-ren Ogi hutsa itzuli zuen Arantzazu Royok, eta argitaratu zuen Igela argitaletxeak. Harrera polita izan zuen liburu horrek, arabieratik zuzenean euskaratzen zen lehen liburua zelako, besteak beste. Hari jarraipena eman nahian, Arantzazu Royo eta biok elkartu ginen, eta aztertzen aritu ginen zein libururekin eman jarraipena hasiera xume hari. Bi genituen tiro-mugan: Mohamed Xukriren Zamaan al akhtaa (Hutsegiteen garaia), eta Alaa al Aswaniren Jakobian eraikina. Arantzazuk nahiago zuen Xukrirekin jarraitu (obra berarekin jarraituko zuen, egilea ezaguna zuen, etab.), nik, ordea, ikusi nuen Al Aswaniren obrak behar zuela lehenbailehen leku bat izan gure bildumetan. Hala, berak Xukrirekin jarraitu du, eta nik Al Aswanirena hartu nuen, betiere, gero beraren gainbegiratua izango zuela jakinda. Nik, beraz, lan zakarrena egin nuen, eta berari egokitu zaio nik egindako oinarria findu eta txukuntzea. Azken emaitza, beraz, biona da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!