Gorren komunitatera gerturatu eta zinemaz gozatzeko aukera, Tolosan

Imanol Garcia Landa 2012ko azaroaren 9a

[/caption]

Gainditzen gorren elkarteak antolatu duen zeinu hizkuntzan egindako zinemaren III. Nazioarteko Jaialdia egingo da bihar, Tolosako Leidor aretoan. 17 film ikusteko aukera izango da, horietatik batzuk laburrak eta beste batzuk iraupen erdikoak. Aintzane Crujeiras aktorea epaimahaiko kidea da eta gorren komunitatearekiko sentsibilizatzeko jaialdia aukera polita dela dio: «Zinema gustatzen zaionari aukera ederra du. Azken finean interesa behar dugu gure ondoan bizi diren pertsonekiko, nahiz eta ez ulertu. Gure esku dago gorrekin komunikatzeko ahalegina egitea. Jaialdia aproposa izan daiteke aurrerapauso hori egiteko eta ulertzeko gorrak nola sentitzen diren eta zer den entzumenik gabe bizitzea».

Lehendabiziko urtea da Crujeirasek parte hartzen duela jaialdian. Gainditzen elkarteko Julian Rodriguez aurretik ezagutzen zuen, orain zortzi urte zeinu hizkuntza irakatsi baitzion. «Zeinu hizkuntza ikasten jarraitzeko proposatu zidan, eta ikasle talde bat sortu dugu, besteak beste aktorez eta dantzariz osatutakoa. Epaimahaikide bat behar zuten jaialdiarentzako eta ni sartu nintzen». Zeinu hizkuntza ikasten ari den talde horrek, etorkizunera begira, asmoa du pertsona gorrek eta entzuleek osatutakoa antzerki talde bat sortzeko

Crujeirasek dioenez, oinarrizko ezagutza du zeinuen hizkuntzan, baina filmak ikusterakoan, hauek azpidatziekin daudenez, erraz ulertzen direla dio. «Hainbat zeinu hizkuntzatan egindako filmak daude», dio Crujeirasek. «Esaterako, Ingalaterran beren zeinu hizkuntza dute, eta zenbait keinu antzekoak izan arren, ez da ulertzen beste zeinu hizkuntza bat baldin badakizu. Beraz, azpidatziekin baliatu behar zara, eta horiekin filma jarraitzea, esan bezala, erraza da».

Bost epaimahakideetatik bi entzuleak dira eta beste hiruak gorrak dira. «Gorrek modu ezberdina dute interpretatzeko, espresiboagoak dira, eta askotan gorrak ziren epaimahaikideei galdetzen genien ea aktoreek keinuak areagotzen zituzten», dio Crujeirasek. «Interesgarria izan da epaimahaian egotea, gauza ezberdinetan fijatzen baikara entzuleak eta gorrak. Elkarlanean aritu gara ezberdintasun horiek ikusten dituzulako. Esaterako, umore ezberdina dute, oso zuzenak dira komunikatzerakoan, eta ez dute taburik».

Jaialdiko film batzuetan gorrek egunerokotasunean komunikatzeko dituzten zailtasunak islatzen dira, baina beste batzuetan ez da hori gai nagusia. «Beldurrezkoa den film bat badago, esaterako», esan du Crujeirasek.

Jaialdiko sariak erabakita daude. «Orokorrean nahiko ados egon gara epaimahaikoen artean, eta gainera gure artean asko hitz egin dugu adostasun batera iristeko. Oso interesgarria izan da parte hartzea».

Zortzi sari

Zinema jaialdia bihar 10:30ean hasiko da, Leidor aretoan, eta goizean eta arratsaldean izango dira proiekzioak. Guztira zortzi sari banatuko dituzte: ikuslegoarena, film labur onena, zuzendari onena, emakumezko aktore onena, gizonezko aktore onena, gidoi onena, muntaia onena eta argazki onena.

Sarrerak Internet bitartez lortu daitezke, www.gainditzen.com webgunean, edo egunean bertan erosi daitezke Leidor aretoko leihatilan. Gainditzen elkartetik nabarmendu dute edozeinentzako prestatuta dagoela jaialdia. «Azpidatziak daudenez, film guztiak jarraitu daitezke», dio Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko kideak.

Rodriguezek gorrek ohiko zinema emanaldietan filmak ikusteko dituzten zailtasunak nabarmendu du: «Aste honetan izan naiz Lo imposible filma ikusten. Hainbat gauza ulertu ditut, baina azpidatziak beharrezkoak ditugu filmak jarraitu ahal izateko. Gustura jakingo nuke zer gertatuko litzatekeen zinema saio batean soinua kenduko balute. Ziur aski bakarrik geratuko nintzen aretoan».

Jaialdiaz gain, zeinu hizkuntzan egindako film bat ikusteko aukera izango dute, gaur, LH5 eta LH6ko ikasleek, Lazaro Contreras zuzendariaren Quiero ser oyente lana, hain zuzen. Gainditzenetik azaldu dutenez, adin tarte horretarako aproposa da zeinu hizkuntzan egindako  zinemara gerturatzeko. Film horrek jaialdian ere parte hartuko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!