Kale heziketaren programako erabiltzaileen kopurua igo egin dela azaldu dute. «Modu intentsoan gazte batzuekin ez bazen lan egiten, krisiaren eraginagatik berriro ere laneratze prozesuan dauden zenbaitekin lanean hasi gara», zehaztu du Clementek. «Bestalde, kontuan hartu behar da kale heziketaren programa gero eta finkatuago dagoen heinean, koordinazio gehiago dagoela ikastetxeekin, jende gehiagok ezagutzen du programa, eta bertara iristeko bidea errazagoa da. Hori beste faktore bat da erabiltzaile kopurua igotzeko», esan du Duranek.
«Programaren erabiltzaileek arlo guztietan zailtasunak izan ditzakete: familian, ikasketetan, beste gazteekin harremanak sortzerakoan... eta guk horri erantzuna ematen saiatzen gara», zehaztu du Arabaolazak.
Clementek gaineratu duenez, «nerabetasuna izatez konplexua da erreferente izateko baliabideak dituen familia batentzat. Beren familietan erreferente sendo bat ez duten nerabeekin lan egiten dugu guk». Esku hartzea egiteko tresna nagusiena kalea dela dio Arnaizek: «Kale hezitzaileak gara eta azkenean beraiekin lan egiteko, beren esparrura joaten bazara erraztu egiten dizu lana egitea». Nurako lokala bera ere erabili izan dute eta baita komunitateko zenbait zerbitzu ere: Gazte Topagunea, kiroldegia… «Lokala dugunetik ere nerabeentzako erreferentzia bat da, badakitelako hemen norbait izango dela, eta hori ere garrantzitsua da», gaineratu du Duranek.
Gaitasunetatik abiatzea
Metodologia aldetik, norbanakoarentzako proiektu hezitzaileak lantzen dituzte. Hainbat alorretan egiten dute lan: formakuntza, harremanak, familia, autoestimua... Bestalde, taldekako proiektu hezitzaileak dituzte, eta horiek kuadrila naturaletan edo Nurakoek sortzen dituzten taldeetan, lagun talderik ez daukaten nerabeentzako, lantzen dituzte. Bestalde, komunitate lan bat egiten da, nerabeekin lotura duten arlo eta zerbitzuekin.
«Gazte horiek besteek baino kanpo laguntza gutxiago dute, eta gero horrek eragina du bere buruarekiko babes gutxiago sentitzean», dio Duranek. «Gero sintomak azaltzen dira: eskolan, besteekin harremanak egiteko, edo gurasoekin zailtasunak,... Ez da hainbeste zer gertatzen ari den, baizik zer dagoen horren atzean».
Helburua gaztea buruaskia izatea da. «Horretarako egunerokotasunean egiten dugu lan, norbanakoaren gaitasunak landuz», esan du Clementek. «Kalearen, nerabeen ahotsa izan ohi gara, izateko moduen azpian daudenak azaleratuz. Ikuspegi humanista eta eraikitzaile batetik egiten dugu lan, nerabe bakoitzaren gaitasunetatik abiatuz».
Kale heziketako programan erabiltzen duten esku hartzeak, beraz, gazte bakoitzaren gaitasunak hartzen ditu kontuan, eta ez sintomak azaleratzean. «Egungo gizarteak zer ez dagoen ondo ikustarazten du, ez bakoitzak dituen gaitasunak», dio Duranek. «Beraz, aukerak ematen dituen espazio bat sortu behar da, eta baita babesekoa, gazteak nahi duena izan dadin. Helburu hori, noski, edozein gazteentzako aplikatu daiteke, ez bakarrik zailtasunak dituztenentzako».
Ikuspegi horretan gizarte guztiak parte hartu behar duela diote Nurako kideek. «Aldaketa sakona izan behar da», azaldu du Clementek. «Ikusten dugu zenbait aldaketa ere gertatzen ari direla, esaterako, hezkuntzaren arloan. Hau da, adimen mota asko daudela ikustea, edo gazteak balioztatu baino, beraien bide lagun izan behar dela».
Ikastetxeekin duten harremana oso ona dela azaldu dute Nurako kideek. «Eraikitzen diren zubi guztiak balio dute», dio Clementek. «Nurak 15 urte daramatza kale heziketaren programarekin Tolosan, eta esperientzia horrek guztiak erreferentzi bat sortzen du eta Tolosako errealitate orokorra ikusten laguntzen du», esan du Arnaizek.
Beste zenbait zerbitzu
Tolosako Udalarekin lan egiteaz gain, eskualdeko beste hainbat udalekin aritzen da Nura, hainbat zerbitzu landuz. Alde batetik, familia giza heziketa esku hartzea egiten du, hau da, zailtasunak dituzten familiekin batera beraien etxeetan egiten dute lana.
sGizarteratze programa Tolosan eta Villabonan egiten dute, jende helduei zuzendutakoa. Terapia programa ere badute hainbat udalekin, eta maila pribatuan ere jendea joaten da Nurara. Gurasoentzako aholkularitza egitaraua ere egiten dute. Duranek azaldu duenez, «kale heziketaren programan edo familia esku hartzean sartzen ez direnentzat ere esparru bat behar zela ikusi genuen, eta beren seme-alabekin zailtasunak dituzten gurasoekin egiten dugu lanketa hori. Gure burua ezagutzea da seme-alabei egin diezaiokegun oparirik hoberena».
Programa guztietan erabiltzaile kopurua igo egin dela diote. «Gizarteratze programari, esaterako, lehen lan gizarteratzea deitzen genion, baina gero Lanbidek hartu du gai hori. Hala eta guztiz ere, jende kopurua handitu egin da, hain justu, laneratze prozesu hori egina zuten askok lana galdu dutelako», azaldu du Clementek, eta gaineratu: «Erabiltzaile kopurua handitu egin da, baina krisi garaia dela eta, baliabideak gutxitu egin dira».
Nerabetasunaren inguruko errezeta
Luz Clementek osatutako proposamena, gurasoei eta beste hezitzaile batzuei zuzenduta, nerabetasunaren inguruan:
10 gramo oroimen. Bai, gu behin nerabeak ere izan ginen. Gure nerabetasunak gogoan izanez, gutxienez enpatizatzera hurbildu gaitezke.
10 gramo ezagutza. Egungo nerabetasunaren inguruko gakoak ezagutzea.
30 gramo norberaren ezagutza. Ez ezagutza teoriko bat, baizik norberaren bizipenezko ezagutza, nerabeentzat ispilu eta erreferente izateko modu koherente batean, eta gure frustrazioak eta beldurrak beraiengan ez proiektatzeko.
30 gramo baretasun. Gatazka egoeretatik urruntzeko, eta objektiboagoak izateko, gure zentroan egoteko, gogoan hartuz nerabetasuna bizitzaren prozesu bat dela. Ez bada baretasuna aurkitzen, pazientziarekin aldatu daiteke, borrokatu behar diren borrokak erabakitzen laguntzeko.
10 gramo konfiantza. Agian garai honetan osagai zailenetakoa lortzeko: beraiengan konfiantza izatea. Ziurrenik zenbait egoera bizituko dituzte, helduok arriskutsu ikusten ditugunak, bere burua indartzeko. Guregan konfiantza izatea, beren errealitateari egokitutako erantzunak eman ahal izateko.
10 gramo babes eta bide laguntza. Beharrezkoa da estruktura sendo eta moldagarri bat, garai honetako haizeteek ez ditzaten gure espazioak eraitsi. Hezten lagunduko diguten konplize positiboak izatea, eta beste maila batzuetako laguntza izatea, profesionala, zailtasun handiko uneetarako.
Eta hau guztia maitasun handiarekin busti, hezten laguntzen duen maitasun on horrekin.