Guatemalako emakumeen egunerokoa iruditan

Ataria 2012ko azaroaren 9a

Tolosako Inmakulada ikastetxeak eta Mugen Gainetik elkarteak, elkarlanean antolatu dute Guatemalako Ixil zonaldeko emakumeei eskainitako argazki erakusketa. Aranburu jauregian dago ikusgai, gaurtik aurrera.

Inmakulada ikastetxeak, "garrantzia berezia ematen dio beti, gai espezifikoak jorratzeaz gain, ikasleak giza baloreetan hezteari", hala azaldu du, Amaia Karrerak. Horrela beraz, Mugen Gainetik elkartea duela 8 urte inguru barneratu zen proiektuarekin bat egin, eta egitasmoa martxan jarri dute bi eragileek.

Proiektuaren edukia, ikastetxeko ikasleez haratago, herritarrei zabaldu nahi izan diete, eta erakusketak eman die horretarako bidea. Hilabetez ikusgai izango dira, Guatemalako emakumeen egunerokoa islatzen duten argazkiak. Izan ere, osasun arloan nahiz hezkuntzan behar handia duen herria da Guatemala, Mugen Gainetik elkarteko kideek azaldu dutenez. Hau dela eta, duela hiruzpalau urte, bereziki hezkuntzan eta generoan lanean hasi ziren, emakumeak eskolaratuz.

Honen harira, aipatzekoa da, Inmakulada ikastetxeak bi beka sortuko dituela osasun arloko ikasketetan, zenbait ikasle Guatemalara joan eta hezkuntzaren alorrean lagun dezaten: "Elkartrukea izango da, ordea, handik ere hamaika gauza baititugu guk ikasteko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!