Tolosako udazkenerako egitarau biziak ez du etenik izango asteburuan

Ataria 2012ko azaroaren 9a

Gaurtik igandera bitarte, zinema eta musikaz gain, hamaika jarduera izango dira Tolosan

Udazkeneko agenda biziari hutsik egin gabe, eta abesbatza lehiaketaren ondorenetan, kultura nagusi izango duen asteburua dator Tolosak.

Besteak beste, Gainditzen elkarteak hirugarrenez antolatu duen zeinu hizkuntzan egindako zinemaren nazioarteko jaialdia nagusi izango da, gaurtik bihar iluntzera bitarte.

Leidor aretoa, ordea, gaixotasun larriak dituzten haurren aldeko oholtza bilakatuko da bezperan, ostiralean. Gure Nahia Elkartasuna taldeak, gala berezia antolatu du, eta gonbidatu bereziek parte hartuko dute: Oreka TX taldea; Xabi San Sebastian musikaria; Iñigo Muguruzaren  proiektu berria, Lurra izenekoa; Mikel Moreno; Adarrots; Ibon Koteron; Gontzal Mendibil kantaria; Irrien Lagunak; Errealeko kideak; Gipuzkoa Basketeko jokalariak; eta  Victoria Eugenia zein Gure Señeak elkarteko ordezkariak.

Musikak ere, ez du bere txokorik faltako, eta gaur bertan, Iker Piris tolosarraren The Romanticos taldeaz gozatzeko aukera izango da Fronton kafetegian; 23:00etatik aurrera entzun ahal izango da kontzertua.

Halaber, Napoka Band Bonbereneako oholtzan izango da, 22:30etik aurrera. Bihar, berriz, Humilitate eta Zinc hardcore talde madrildarrak ariko dira Bonberenean, egun osoko skate lehiaketa borobiltzeko.

Skate lehiaketa 16:30ean hasiko da, baina egun osoan zehar graffiti erakustaldia egingo dute Bonberenean bertan.

Zine bonu berriaren salmenta

Hilabete hasierarekin batera, zine bono berriaren salmenta martxan da jada Leidor aretoko leihatilan.

Datorren azaroaren 19ra bitarte eskuratu ahal izango dira bonnoak; saio guztietarako balio duenak 13 euroko prezioa izango du, eta gaueko saioetarako bonoak, berriz, 10 euro. Zine saioen aurretik, Leidorreko leihatilan erosi beharko dira.

Honako filmak ikusi ahal izango dira: Blancanieves, Una vida nueva, El artista y la modelo, Bypass, Sólo es el principio, ¡Atraco!, 7 días en la Habana, La extraña, Baztan, Argo, Martes después de navidad, Looper eta En la casa.

 

Asteburuko jarduerak Tolosan

Azaroak 9, gaur

09:30-12:30. Zeinu hizkuntzan egindako zinemaren jaialdiaren barruan, ikastetxeetako haurrek film bat ikusiko dute kultur etxean. Jarraian mahai inguru txiki bat egingo dute.

17:30-19:00. Istoriogileak tailerra, Aranburu jauregian. Haurrek irudien biden istorioak sortzen ikasiko dute.

20:00. Gaixotasun larriak dituzten haurren aldeko gala, Gure Nahia Elkartasuna elkarteak antolatuta.

22:30. Napoka Band-en kontzertua, Bonberenean.

23:00. The Romaticos hirukotearen emanaldia, Fronton kafetegian.

Azaroak 10, larunbata

10:30. Zeinu hizkuntza egindako zinemaren nazioarteko jaialdia hasiko da Leidor aretoan. Goizez eta arratsalden eskainiko dituzte film laburrak.

16:30. Bonbereneako XII. Skate txapelketa. Graffiti erakustaldia egun osoan zehar.

22:30. Humilitate eta Zinc musika taldeen kontzertua, Bonberenean.

Azaroak 11, igandea

17:30. Haur zinema Leidor aretoan: Frankenweenie.

19:30. Zinema Leidor aretoan: Blancanieves.

22:00. Zinema Leidor aretoan: Blancanieves.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!