Manu Azkaratek azaroaren 13an du bigarren epaiketa

Imanol Garcia Landa 2012ko azaroaren 7a

Manu Azkarate tolosarrak epaiketa izango du azaroaren 13an, Tolosan (Frantzia). Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako estradizio eskaerari erantzunez, Frantziako justiziak egiten dion bigarren epaiketa izango da. Aurreko epaiketa Pauen izan zen, eta epaitegiak baiezkoa eman zion estradizio eskaerari. Baina Azkaratek jarritako helegitearen alde egin zuen Kasazio Auzitegiak eta ez zuen ontzat eman Paueko epaitegiaren erabakia, forma akatsak izan zirelako. Orain, beraz, bigarren epaiketa izango da eta prozesu guztia berriz hasiko da.

Azkaratek berak azaldu duenez, «epaia egun gutxitara emango dute, ziur aski abendurako. Epaitegiaren epaia ez da behin betikoa izango, hau da, berriro helegitea jartzeko aukera izango da. Beraz, prozesua zenbait hilabetez luzatuko da». Defentsaren argudioei dagokionez, Azkaratek azaldu duenez, aurreko epaiketan Paueko epaitegiak onartu ez zituenak berriro aurkeztuko dituzte. Batetik, bere kasua medikuntza auzitegiak aztertzea, eta bestetik, betetako zigorraren denborari buruzko informazioa erkatzea, Espainiako Auzitegi Nazionalak esaten duen denbora kopurua eta Manu Azkarateren defentsak esaten duena ez baita berdina.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!