Udaberri dantza taldeak urteroko helduen ikastaroei itzuli bat eman, eta plazako dantzak irakatsiko ditu
Helduei begirako dantza ikastaroak antolatuko ditu, aurten ere, Tolosako Udaberri dantza taldeak; aldaketa batekin datoz, ordea. «2012-2013 ikasturtean, eta aurreko urteetako ikasleekin hitz egin ondoren, ikuspegi berria eman nahi izan diegu ikastaroei, eta fandango eta arin-arinaz gain bestelako plaza dantzak ere irakastea erabaki dugu», azaldu dute taldeko kideek.
Horrela beraz, besteak beste, Lantzeko inauteria, Luzaidekoa nahiz Lapurdiko hainbat dantza pauso ikasteko aukera izango da aurten taldeko tolosarraren eskutik. Finean, herriko jaietan plazan dantza egiteko bide egokia izango da ikastaroa.
«Orain arte helduen ikastaroek izan duten arrakastak» eraman ditu aldaketa hau hartzera: «Izan ere, batzuek urte bete baino gehiago daramate gurekin, eta beraz, nahikoa barneratuta dituzte hasierako helburutzat genituen fandangoa eta arin-arina». Horiez gain, Udaberriko irakasleekin aritutako beste hainbatek ere, fandango eta arin-arinaz haratago, bestelako dantzak ezagutzeko grina azaldu diete.
Berrikuntzak berrikuntza, «jende berriak ere esan digu aurten izena emango zuela, baina jakina, hauek oinarrizkoak diren fandangoa eta arin-arina ikasi nahi dituzte».
Honegatik guztiagatik, oraindik izena ematen duten guztien arteko taldeak nola antolatuko dituzten erabaki ez duten arren, dantza gehiago lantzeko jauzia eman nahi izan du Udaberrik.
Izena emateko epea zabalik dago Udaberriren web orrian (www.udaberri.com); bertara sartu eta izen-emate formularioa bete beharko dute dantzan ikasi nahi duten guztiek. Ikastaroak Usabal kiroldegian izango dira, asteartero, 20:30etik aurrera, eta hileroko kuota 10 eurokoa izango da (ikasle eta langabetuentzat 5 eurokoa).