Sahararren aldeko elkarretaratzea egingo dute bihar

tolosa 2012ko azaroaren 7a

Azaroa hilabete «beltza» da saharar herriarentzat, Tolosaldea Sahararekin elkarteak gogoratu duenez. Izan ere, eta besteak beste, Marruekosek Martxa Berdea bezala ezagutzen dena egin zuen hilaren 6tik 19ra.

[/caption]

Elkarteak azaroko gertaera guztiak gogora ekartzeko eta Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea eta independentzia defendatzeko elkarretaratzea egingo du, bihar.

Tolosaldeko herritar guztiak gonbidatu dituzte 19:00etatik aurrera Tolosako Trianguloa plazan egingo duten mobilizaziora, eta bertan, Gdeim Izik kanpalekuan izandako iraultzako bideoak ikusi ahal izango dira.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak gogoratu duenez, azaroa hilabete «beltza» da sahararrentzat. Hilaren 6tik 19ra Martxa Berdea bezala ezagutzen dena pairatu zuten; 1975. urteko azaroaren 14an Espainiak, Mauritaniak eta Marokok hiruko hitzarmena sinatu zuten, eta ondorioz, «Espainiak herri sahararra Marokoko errege hiltzailearen eskuetan utzi zuen».

Era berean, 2010eko hilaren 8an Marokoko errepresio indarrek sahararrek Aaiun inguruan 20.000 bat pertsonek osatutako Gdeim Izik kanpaldian era oldarkorrean sartu eta sarraskia eragin zuten. «Kanpaldi hau giza eskubideak eta herri saharraren askatasuna eskatzeko eratu zuten. Zenbait analista politikok kanpaldi hau arabiar udaberriaren hasiera bezala ikusten dute», azaldu dute elkarteko kideek.

Hilabete honetan izandako gertaera gogorrak gogora ekartzeko eta Sahararen alde egiteko beraz, elkarretaratzera Tolosaldeko herritar guztiak gonbidatu dituzte Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!