Abesbatza lehiaketan «inoizko ahots talderik onenak» entzun ahal izan dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 6a

Ukrainako Credo ganbera abesbatza izan da Tolosako 44. abesbatza lehiaketako txapeldun nagusia

Abesbatza lehiaketan inoiz izandako ahots talderik onenak aurten entzun ahal izan direla azaldu dute txapelketa antolatzeko ardura duen Tolosako Ekinbide Etxeko arduradunek, eta lehiaketaren balorazio «oso ona» egin dute, murrizketen gainetik.

Ukrainako Credo ganbera abesbatzak, irabaz zitzakeen sari guztiak irabazi ditu 44. Tolosako Abesbatza Lehiaketan; horien artean, Kutxa Sari Nagusia ere eskuratu dute, eta ondorioz, Arezzon (Italia) ospatuko duten Europako Abesbatzen Sari Nagusian, Tolosa ordezkatuko dute.

Irabazleez haratago, ordea, aurtengo parte hartzaileen maila azpimarratu du lehiaketako zuzendari artistikoak, Luismi Espinosak: «Aurten saririk jaso gabe geratu diren abesbatzetako askok, lehen saria irabaziko zuketen beste urte batzuetan». Honen harira, batez ere, ahots taldeek emandako maila nabarmendu du, eta The Rose Ensemble eta Ensemble Quartonal taldeak, «lehiaketatik sekula pasa diren talde hoberenetakoak» direla dio  Espinosak; ahots nahasiei dagokienez, berriz, irregulartasun handiagoa izan dela azaldu du.

Haur lehiaketarik ez egin izana nabarmendu dute antolatzaileek, «batez ere, haurren saioak publiko jakina erakartzen duelako, eta urtero aretoa betetzen duelako», azaldu du Luismi Espinosak. Hala ere, datorren urtean berriro haur abesbatzak Tolosan izatea espero dute: «Egia esan, orain ezin dugu baiezkorik esan, diru laguntzen araberakoa delako, baina guztiaren gainetik, ahal duguna egingo dugu, eta ez zer gertatzen den».

Agur arrakastatsua

Leidor erabat bete zuen amaierako kontzertuak eta nabarmentzekoa izan zen aretoko giro bikaina.

Credok lehiaketaren atarian sortutako aurreikuspenak bete, eta lau sari eskuratu zituen. Batetik, Lorenzo Ondarraren Pater Noster obra behartua hobekien interpretatu zuen taldea izan zen, epaimahaiaren ustez. Halaber, ahots nahasien polifonia nahiz folklore sailetan ere, irabazle suertatu zen abesbatza. Emanaldi guztiak kontuan hartuta, puntuaziorik altuena eskuratu zuen koru ere Credo bera izan zen, eta Kutxa Sari Nagusia irabazi zuten.

Ukrainarrekin batera, honako abesbatzak ere sarituak izan ziren: New Dublin Voices, Mikrokosmos, University os the Visayas Chorale , Latvian Voices, Ensemble Quartonal, Daarler Vocal Consort eta The Rose Ensemble.

44. Abesbatza Lehiaketa

Kutxa sari nagusia

Credo. Ukraina.

Ikuslearen saria

Ensemble Quartonal. Alemania.

Euskal abesti baten interpretazio onena

Credo. Ukraina. Lorenzo Ondarraren Pater Noster obragatik.

Musika sakratua

1. The Rose Ensemble. Amerikar Estatu Batuak.

2. Daarler Vocal Consort. Alemania.

3. Latvian Voices eta Ensemble Quartonal. Letonia eta Alemania (Exaequo).

Musika profanoa

1. The Rose Ensemble. Amerikar Estatu Batuak.

2. Latvian Voices. Letonia.

3. Ensemble Quartonal. Alemania.

Polifonia

1. Credo. Ukraina.

2. Mikrokosmos. Frantzia.

3. New Dublin Voices. Irlanda.

Folklorea

1. Credo. Ukraina.

2. Mikrokosmos. Frantzia.

3. University of the Visayas Chorale. Filipinak.

 

Iritzia, Migel Zeberio

Koru eta orkestra zuzendaria

Saio koloretsu, atsegin eta aberatsa, igande goizean Leidor antzokian dastatu ahal izan genuena. Aurreko egunetan, lehiaketan zehar gertatutakoaren lagina. Ezbairik gabe, beste urte batez, jaialdi honek artistikoki goi mailari eusteko duen gaitasunaren adierazle izan zen. Irabazleak, jada Tolosa eta bestelako hamaika trantzetan zaildutako talde ezagunak genituen.

Lehendabiziko minututik berotu zen giroa, ikuslegoak ez baitzuen huts egin Alemaniako Ensemble Quartonal taldea saritzeko hautuan. Laukote gazteak, kantu eta antzezpen baliabiadeak uztartuz, kalitatezko umorez gozarazi zigun. Menturaz, txapela janzterik ez zuten izan, Tolosakoa bezalako demetan, arauak ez betetzeak isuna baitakar. Eta hauena txikia izanagatik, nahikoa izan zen, lehendabizikotik, sailkapeneko hirugarren postura jauzi egiteko: emanaldiaren hamabost minutuko gutxieneko tartea ez zuten bete!

AEBko The Rose Ensemblek eskuratu zituen ahots taldeetako bi txapelak. Bere arerioen aldean, musikaren garai eta kontzeptu desberdinak lantzerakoan, erakutsitako estilo eta tinbre malgutasuna nabarmenduko nuke; polifonia klasiko zein garaikide desberdinak, herri monodiak zein gregorianoak, bakoitzari nortasun propioa eskaintzeko intentzioak, aberastasunaren adierazle dira horrelako txapelketa baterako.

Hirugarren eta laugarren sari bana jaso zuen Alemaniako Ensemble Quartonal aldera daiteke aurrekoarekin. Guztia oso polit egina, baltsamikoa, baina ñabardura gutxiagokoa behar bada. Edo baita sarietatik kanpo gelditutako Frantziako Quatuor Meliades emakume laukotea ere; lehen momentutik erakargarri egin zitzaidan soinu borobil, sarkor eta ederrak, musikaren garai desberdinak zeharkatzen zituen heinean, ez zuen giro aldaketa nahikorik erakusten.

Gizon-emakumeen koruek ere, goizeko agintari eta ordezkarien desfileari kontrapuntu mamitsua eskaini zioten. Hirugarren sarietatik bat Filipinetara joan zen; Visayas unibertsitateko koruak esker onez eta sentimendu handiz, AEBtako (uharteetako nagusien) beltz espirituala eskaini ziguten. Irlandako New Dublin Voicesek, berriz, The Beatles aukeratu zuen. Lehia estuan ibili ziren, ordea, lehen eta bigarren sarien irabazleak.

Nonbait, epaileek Frantziako Mikrokosmos taldeko zuzendariari, Loïc Pierre-ri, ez zioten barkatu bere itxurazko axolagabekeria. Bere taldea, ganoraz eta trebetasunez gainezka dagoen makina da. Bide berrietan urratsak egitea du gustuko, eta hori ekitaldian ere argi utzi nahi izan zuen. Biolin eta koru, jolaskor, elkarrizketan jartzeko ez zuen oztoporik izan.

Ukrainako Credok, aurtengo garaile absolutuak, ez zuen zoriona ezkutatu. Pozarren eta saltoka ospatu zituzten sariak, argi zuten lehia estuaren ondoren lortutakoa zela emaitza. Nabarmentzekoa iruditu zitzaidan, Lorenzo Ondarraren Pater Noster obra bikainaren irakurketa, sentimenduz betea. Tinbre bikainez jantzitako talde ederrak urte bat gehiagoz erakutsi zuen, nagusitzeko bideak jorratzen badakiela. Guridiren Akerra ikusi degu klasikotik, koreografia eta umorez beteriko obra dibertigarrietara.

Hurrengo urtearen zain egotea besterik ez da geratzen, sanferminetan esan ohi den bezela. Tarte horretan antolakuntzak izango du astirik, eguzki eta itzalak aztertu eta birplanteatzekoak.

Besteak beste, eta bertaratzen diren taldeen goi-mailarekin parez pare, ekitaldiek herritarrengan duten arrakasta kaskarra nabarmentzekoa da; ezin ahaztutzeko datua nire ustez. Jaialdiak aurrera egingo badu, inguruaren babesa jasotzea ezinbesteko egingo zaio, gizartearen aldetik, eta ekonomikoki. Erronka polita!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!