Ahotsak nahastearen dotorezia

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 2a

Hasi da, beste urte betez, nazioarteko abesbatza musikaren hitzordurik garrantzitsuenetakoa: Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Ehunka ahotsek milaka kilometro egin dituzte, Gipuzkoa erdialdeko oholtzetan beren doinurik gozoenak eskaintzeko.

http://www.youtube.com/watch?v=hhRuZYV-elY&feature=youtu.be

Krisi egoerak kantuari ere eragin dio, eta aurten hamabi abesbatza bakarrik ariko dira saririk garrantzitsuena eskuratzeko lehian; haurren abesbatzek hutsune nabarmena utzi diete, bai antolatzaileei, baita ikuslegoari berari ere. Honek, hala ere, ez du bertaratutako ikus-entzuleen belarriak gozatzea oztopatu, eta 2012ko abesbatza lehiaketan ere kalitate handiko ahots taldeen emanaldiak izango dira entzungai.

Atzo, 11:30ean hasi zen lehiaketa, Santa Klara elizan, musika sakratuko saileko emanaldiarekin. Abesbatza musikaren zaleek harrera ezinhobea egin zioten saioari; hala erakutsi zuen, konbentuaren kanpoaldean kontzertua hasi baino ordu laurden lehenago osatu zen ilara luzeak. Santa Klara elizako eserlekuak bete egin ziren, beste urte betez.

Abesbatza musikan adituenek, eszenatoki kuttuna dute Santa Klarakoa, akustika egokia duela eta. Benetan probestu zuten soinuaren egkitasun hori, Maranatha Christian University abesbatza indonesiarrak, eta baita Apollo 5 britainiarrak ere.

Lau obra eskaini zituzten lehenengoek, diziplina handiaren zantzuan nabarmen utziz: Gloria in excelsis deo, Abendlied, Vade Retro Satanas eta O nata lux. Kritikak Indonesiako abesbatza onenen artean du, eta azken urteotan parte hartu duten lehiaketetan lehenengo postuak eskuratu izan dituzte gizon-emakume hauek.

[/caption]

Erresuma Batuko Apollo 5 boskoteak, berriz, zazpi abesti interpretatu zituen, kideen arteko elkar ulertze handiaz: Alleluia I heard a voice, If ye love me, The Call, Balm in Gilead, Come Sunday, God be in my head eta My soul there is a country. Voces Cantabiles Music proiektuaren barruko taldea da, eta abeslari profesionalak dira bostak.

Atsedenaldiaren ostean, beste bi abesbatzek hartu zuten Santa Klara elizako aldarea. Filipinetako University of the Visayas Chorale abesbatza izan zen lehenik, eta Letoniako emakumeen ahots taldea aritu zen emanaldiari amaiera emanez: Latvian Voices.

Ahots europarren nahasketa

Polifonia saileko emanaldiak estreinatu zuen Leidor aretoko oholtza, arratsaldez.

Bost abesbatzaren saioak entzutekoak ziren berez, baina bi talderi ezinezko suertatu zaie Tolosara bertaratzea; Venezuelako Antiphona abesbatza eta Esloveniako Saleski Akademski Pvski Zbor Velenje abesbatza.

http://www.youtube.com/watch?v=ru4PRB5tdiE

Horrela beraz, Europako ahotsez osaturiko bi talde soilik igo ziren eszenatokira. Irlandako New Dublin Voices abesbatza saritua izan zen lehena, eta Lorenzo Ondarraren Pater Noster obra behartuaz gain, Jesus es a kufarok, O sacrum convivium eta Rorate Caeli eskaini zituzten. Zazpi urteko ibilbidea duen abesbatza honek, nazioarteko beste hainbat lehiaketetan ere kritikarik onenetakoak jaso ditu.

Urakinako Credo abesbatzak, berriz, hasiera-hasieratik erakutsi zuen, El que se hace de sus Ángeles obrarekin, kanturako duten kalitatea. Musikako aditu eta kritikoen iritzi eta laudoriorik onenak jaso dituen abesbatza da ukrainarra, hainbat abesbatza lehiaketetan irabazle suertatu izan direlarik.

Publikoaren txalorik beroenak jaso zituen Kiev-eko (Ukraina) taldeak, ahotsen arteko nahasketa ezinhobeaz osatutako errepertorioarekin: Pater Noster, Aleph Ego Vir eta Que nuestros labios de llenen.

Tolosara bidaiatu ezin izan zuten abesbatzen hutsunea Voces Cantabiles abesbatzak bete zuen, emanaldiko bigarren zatian kontzertua eskainiz; ikus-entzuleen gozamena nabarmena izan zen.

Lehiaketako saioek, ordea, gaur jarraituko dute, 16:00etan musika profanoaren saileko emanaldia izango baita Leidorren. Polifonia eta folklorea, berriz, 19:30ean izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!