Garbiñe Ubeda kazetari tolosarraren proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria. “Heldu den iragana” du izena Garbiñe Ubedaren proiektuak. 36ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Miguel Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona harentzako gutunek osatuko dute eleberria, eta bertan, bilaketaren gorabeherekin batera, familiaren historia berreraikiko da, eta baita hainbat gogoeta harilkatu ere. Epaimahaiak azpimarratu du testuaren kalitate linguistikoa, estilo landu, malgu eta dotore bat duena, eta pertsonaien taxuera, sinesgarri eta ñabarduraz betea.
Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Orain bi urte, bekaren lehen deialdi hartan, Joxean Agirreren “Zwei Frauen (Bi emakume)” izan zen irabazle. Iaz, berriz, Itxaso Araque idazle donostiarraren proiektu batek eraman zuen saria, eta Durangoko Azokan aurkeztuko da horren emaitza: “Damutzen ez direnak” izeneko eleberria. Aurten, aldiz, hamazazpi lan aurkeztu dira, eta horien artean Ubedaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkiza k osaturiko epaimahaiak.
Garbiñe Ubeda Tolosan jaio zen 1967an eta Hendaian bizi da gaur egun. Kazetari moduan da, batez ere, ezaguna, Argia astekarian egindako lanagatik, baina baditu bi liburu argitaraturik: “Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95 ” kronika (1995), eta “Mila ezker” saiakera (2009).