Sexu eta ugalketa eskubideen urraketa salatzeko, erakusketa

tolosa 2012ko urriaren 31

Medicusmundi Gipuzkoa eta Tolosa herria elkartu egin dira munduan sexu eta ugalketa eskubideen urraketa salatzeko. Sexu eta ugalketa eskubideak, eskubiderik gizatiarrenak erakusketa ibiltaria Aranburu Jauregian dago urriaren erditik, eta larunbatekoa izango du azken eguna, Tolosan.

[/caption]

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute Peruko Manuela Ramos Mugimenduaren laguntzaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta prestatu da erakusketa. Sexu eta ugalketa eskubideek munduan duten egoeraz gipuzkoar biztanleak sentsibilizatzea du helburu erakusketak. Emakumea da protagonista. Herrialdeen garapenerako eta generoen arteko berdintasuna lortzeko, emakumeek eskubide horiek bermatuta izatea eta erabili ahal izatea funtsezko elementutzat hartzen dira.

Hamaika panelen bitartez, sexu eta ugalketa eskubideak zer diren azaltzen ahalegintzen da erakusketa, eta horietako batzuetara gerturatu egiten da: bortizkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidera; segurtasun fisiko eta mentalaren eskubidera; sexualitate osoa eta arriskurik gabekoa izateko eskubidera; edota amatasun gogozko, libre eta osasuntsua izateko eskubidera.

Era berean, eskubide hauek erabili ahal izateko dauden oztopoak azaltzen ditu ekimen honek.  Sexu eta ugalketa osasunerako aukerarik eza, osasun publikoko arazo garrantzitsua da, herrialde txirotuetan batez ere. 530.000 emakume inguru hiltzen dira munduan amatasunarekin erlazionatutako arazoengatik (%13 baldintza txarretan egindako abortuengatik), eta Nazio Batuen Biztanleria Funtsak dioenez, munduan sufritzen diren gaixotasunen zama globalaren %18ak sexu eta ugalketa osasunari lotutako arazoekin zerikusia du.

Munduko herrialde askotan emakumeek ez daukate beren gorputzaren gaineko kontrolik, ez eta beren sexu harremanen,  ezkontza eta seme-alaba kopuruaren inguruan ere. Horrek haurdunaldi eta hazkuntza garaiek beren bizitzaren zatirik handiena hartzea dakar, eta, ondorioz, murriztuta daukate ikasketak hasi edo osatzeko, lanpostu bat lortzeko edo beste espazio publikoetan parte hartzeko aukera.

Herrialdeen garapenerako eta generoen arteko berdintasunerako funtsezko elementuak dira horiek guztiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!