Abesbatza zaleen nahitaezko geltokia

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 31

Bihartik aurrera, eta igandera bitarte, mundu osoko hamabi abesbatzak hartuko dituzte Tolosako oholtzak.

Murrizketek eta krisiak markatutako lehiaketa izango da aurtengoa, haur abesbatzen lehiaketa entzutetsua antolatzerik ez baitute izan. Hala ere, kalitatea eta maila handia izango dela ziurtatu dute.

[/caption]

Horrela beraz, Indonesiatik, Erresuma Batutik, Filipinetatik, Letoniatik, Irlandatik, Ukraniatik, Frantziatik, Finlandiatik, Alemaniatik eta AEBetatik etorriko dira ehunka abeslari.

Javier Busto lehendakariarekin batera, Brady Allred, Lorenzo Donati, Naomi Faran, Robert Sund, Victor Smirnov eta Fritz ter Wey-ren lana izango da, 44. Abesbatza Lehiaketako sari nagusiaren irabazlea zein den erabakitzea, eta larunbat gauean ezagutaraziko dute.

Aipatzekoa da, azken orduko aldaketa batzuk izan direla, Esloveniako eta Venezuelako abesbatzek ezin izango baitute Tolosara bidaiatu, osasun eta administrazio arazoak medio.

Antolatzaileek, honen aurrean, bihar, 16:00etan, izango den saioan aldaketak egin dituzte. Voces Cantabiles zortzikote britainiarra ariko da, horrela, lehiaketaz kanpo, emanaldian.

 

Javier Busto, Epaimahaiko lehendakaria

«Hezkuntzan kantua sartzen ez bada, hemen abesbatzek etorkizun beltza dute»

Mediku ikasketak dituen arren, musika trebakuntzan autodidakta izan da Javier Busto (Hondarribia, 1949).

Hondarribiko Eskifaia abesbatzarekin lehenengo saria eskuratu du lehiaketa askotan, eta aurten ere, Tolosan kalitate handia izango dela dio.

Murrizketak izan dira, aurten, lehiaketaren inguruko berririk nabarmenenak. Zer diozu honen inguruan?

Krisiak eragin nabarmena izan du. Lehiaketan aritzen garen guztiontzat, haurren lehiaketarik ez egitea oso gogorra izan da. Sarrerak salgai jartzen direnean, beti  haurren saioko sarrerak amaitzen dira lehenengo, eta Leidor aretoa beteta, eta abesteko grina zuten haurrak ikustea oso pozgarria zen. Eta aurtengoa tristea izango da.

Aurrekontu xumeagoa izan den arren, kalitatedun abesbatzak entzun ahal izango dira?

Nik baietz uste dut, Tolosan beti asko zaindu izan baita hori. Abesbatza bikainak datoz, eta epaimahaiko lehendakaria naizen aldetik iritzi zehatzik eman ezin dudan arren, maila altua izango da.

Nazioarte mailan garrantzia du lehiaketan. Nolakoa da epaimahaiaren lana?

Talde bakoitzaren emanaldia 100 punturen gainean epaitzen dugu, eta puntuaziorik altuena eta baxuena kendu ondoren, beste bost puntuazioen batazbestekoa egiten dugu. Gure lana abesbatzen oreka begiratzea da, eta ahotsek ondo bat egiten duten edo ez ikustea. Ondo afinatu behar dute, eta musikaren estiloa eta elegantzia ere kontuan hartzen ditugu.

Ikus-entzuleen iritzia ez da beti zuenarekin bat etortzen.

Ez, baina hori ona da. Izan ere, epaimahaikideok partiturak izaten ditugu aurrean, eta publikoak ez. Orduan, gerta daiteke abesbatza bat oso musika ona egiten aritzea, eta abesten ari direnak entzuleak hunkitzea. Baina partituran jartzen duenarekin bat ez baldin badator, puntuak kentzen ditu horrek. Hala ere, egia da zenbait urtetan gure erabakia bat etorri izan dela publikoarenarekin.

Aurten ez da euskal talderik izango. Nola ikusten duzu abesbatza musika Euskal Herrian?

Egia esan, ni oso ezkorra naiz kontu honekin. Zuzendari eta liderrak falta dira, eta etorkizun zaila ikusten dut. Gaur egun zaila da abesbatza baten diziplinan sartzea, eta ikastetxeetan, derrigorrezko hezkuntzan kantua sartzen ez bada, hemen abesbatzek etorkizun beltza dute.

 

Daarlen vocal consort

Alemania. Hiru emakumek eta hiru gizonek osatutako ahots taldea da, eta Georg Grün da zuzendaria. 2008an sortu zuten taldea Saarbrücken ganbera abesbatzako 8 kidek, bakarlari erreportorioa osatzeko helburuz, eta 2010. urtean beren lehen diskoa argitaratu zutenez geroztik, Europa osoan zehar aritu izan dira. Musika sakratuan eta profanoan ariko dira larunbat goizean nahiz arratsaldean.

Ensemble quartonal

Alemania. Ahots talde honetako lau gizonezkoak Uetersen haur abesbatzako kide ohiak dira, eta 2006an sortu zuten taldea. Adituek diotenez, a cappella abesbatzen artean etorkizun oparoa dute. Haur abesbatzaren bidez Tolosan lehen ere izandakoak dira abeslariak, eta aurten egin dira ezagun nazioartean. Musika sakratuan eta profanoan ariko dira, larunbat goizean Santa Klaran, eta arratsaldean Leidorren.

The Rose ensemble

AEB. Gaur egun zuzendari den Jordan Sramek-ek sortu zuen taldea 1996an, eta musika interpretatzeko modu berezia dute, ipuin eta kondairekin uztartuz. 2007. urtean ere parte hartu zuten Tolosako Abesbatza Lehiaketan, erlijio musikan lehen saria eta musika profanoan bigarrena eskuratuz. Larunbatean ere bi sail hauetan ariko da talde estatubatuarra, Santa Klarako eta Leidor aretoko oholtzetan.

University of The Visayas Chorale

Filipinak. 1999an, Visayas-eko unibertsitateko ekitaldietan abesteko helburuz sortu zuen abesbatza Jose R. Gulas doktoreak. 2007an, ordea, egungo zuzendari Anna Tabitak bultzada handia eman zion taldeari, eta hainbat sari jaso dituzte orduz geroztik, batez ere, Filipinetan bertan. Polifonia eta foklore sailetan nahiz musika sakratuan eta profanoan ariko da taldea lehiaketan.

Vocal Ensemble Res Mira

Finlandia. Lau emakume dira a cappella abesten duen Helsinkiko talde honetako kideak. 1997an sortu zen, eta Raisa Lahtiranta da zuzendari artistikoa; abeslari profesionala da bera. Errepertorio zabala duten arren, arreta berezia eskaintzen diote finlandiar musika garaikideari. Santa Klara elizan ariko dira, larunbatean, 11:30ean, musika sakratuaren sailean; 16:00etan, berriz, Leidorreko oholtzan ariko dira musika sakratuko saioan.

Quatuor Meliades

Frantzia. Emakumezkoen ahots musika ahalik eta entzulego zabalenari helaraztea da ahots talde honen filosofia. Sei urteko ibilbidean, XX. eta XXI. mendeetako polifonia ezagutarazi dute, horretarako musikagile berrien belaunaldiekin elkarlanean arituz. Atzerriko herri musika nahiz frantziarra lantzen dute, eta musikagile berri hauek egiten dizkiete konponketak. Horrela beraz, askotariko da Quatuor Meliades-en errepertorioa. Musika sakratuaren eta musika profanoaren sailean lehiatuko dira, larunbatean kantatuz.

Mikrokosmos

Frantzia. 18 eta 30 urte bitarteko 36 gizon-emakume dira talde honetako abeslariak, eta Loïc Pierre sortzailearen zuzendaritzapean, abesbatza musikaren ohiko mugak gainditzen dituzte emanaldietan. Errepertorioa berritzea atsegin dute, eta hainbat sari jaso dituzte Europan barrena. Polifonia eta folklore musikaren sailetan lehiatuko dira, etzi, 19:30ean, Leidor aretoan.

New Dublin Voices

Irlanda. Irlandako ganbera abesbatzen artean aitzindaria da, eta sarituenetakoa ere bai. 2005ean sortu zuen Bernie Sherlock zuzendariak, eta Erdi Aroko musika nahiz garaikidea jorratzen dute; baita egungo musikarien obrak ere. Polifonian eta folklorean ariko dira, bihar, Leidorren.

The Latvian voices

Letonia. Zazpi emakume hauek ez dute estilo zehatz bat, eta musika folk-a nahiz swing-a abesten dute emanaldietan. Euren ahots garbi eta naturalak dira duten arrakastaren gakoa. Musika sakratuan ariko dira, bihar, 11:30ean, eta musika profanoan, 16:30ean, ostiralean, Leidor aretoko oholtzan.

Apollo 5

Erresuma Batua. Duela bi urte sortu zuten taldea Londresen, eta segituan jaso zuten errekonozimendua. Abeslariak profesionalak dira, eta errepertorio zabala dute. Voces Cantabiles Music fundazio barruko taldea da, eta musika sakratuan eta profanoan ariko dira.

Credo

Ukraina. 2002an sortutako abesbatza honek, melomanoen arreta piztu zuen hasieratik, eta kritika paregabeak jaso izan dituzte beti. Ukrainako kultur ekitaldietan ohiko gonbidatuak izaten dira, eta azken zazpi urteotan Europako hainbat lekutan abestu dute. Polifonian eta folklorean ariko dira, bihar, Leidorren, 16:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren.

Maranatha Christian University

Indonesia. 1983an hasi zen abesbatza honen ibilbidea, eta unibertsitateko ikasleek eta ikasle ohiek abesten dute. Indonesiako abesbatza onenetarikoen artean dute kritikariek, eta azkenaldian parte hartu duten lehiaketetan lehen sariak eskuratu dituzte. Sail guztietan parte hartuko du 36 gizon-emakumek osatutako talde honek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!